Tolosako Udalak orain gutxi argitaratu du herritarrei eta eragileei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bateratua. 20 dirulaguntza lerroz osatutako deialdia da eta milioi bat euro inguru bideratuko ditu dirulaguntza horien bitartez. Horietako bat da hirigintza-arloko dirulaguntza.
Deialdi honek, 6 laguntza lerro ditu. Alde batetik, elementu komunetan diruz laguntzea irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa, egiturak eta katalogatutako eraikinak hobetzeko obrak. Bestetik, elementu pribatiboetan, diruz lagunduko dira kanpoko arotzeria aldatzeko lanak eta mugikortasun urriko pertsonentzat eta 65 urtetik gorakoentzat etxebizitzak egokitzeko obrak.
Aldaketa esanguratsu bat ere izango du justifikazioari begira. Orain arte laguntza eskatzeko, obra baimena eskatzen zen; aurrerantzean, obrak amaituta egon beharko du eta besteak beste, obra amaierako ziurtagiria ere eskatuko da.
Katalogatutako eraikinak hobetzeko laguntza
Dirulaguntza lerroetako bat berria da: katalogatutako, hau da, babesa duten eraikinen inguratzailea eta fatxadako elementuak hobetzeko helburua duena. Orain arte Alde Zaharreko bizilagunek ezin zuten inguratzailearen energia-eraginkortasuna hobetzeko, udalak eskainitako laguntza jaso, eraikin historikoen babesagatik. Eraikin horiek birgaitzeko dirulaguntzak jaso ahal izateko sortu da lerro berria, Tolosako hirigune historikoaren kontserbazioa eta bizigarritasuna hobetu asmoz.
Honako hauek jasotzen ditu dirulaguntzak: Zurezko begiratoki edo balkoiak zaharberritu edo ordeztea; akaberak zaharberritzea; fatxadako baranda, apaingarri edo dekorazio elementuak zaharberritzea; fatxaden gainazala konpontzea; kanpotik igarotzen diren instalazioak (kableak) berritzea, berrantolatzea edo ezkutatzea…
Aldaketak laguntzen progresibotasunean
Era berean, elementu pribatiboetan egindako obrei lotuta, laguntzen progresibotasuna egokitu da aurten. Hala, aurrerantzean, dirulaguntza maila desberdinak eskainiko ditu, eskatzaileen urteko diru-sarreren arabera. Diru-sarrera horiek ezin izango dira, inola ere, 40.000 eurotik gorakoak izan.
Eskabideak Tolosako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre aurkeztu behar dira UDATEn (Plaza Zaharra 6B). Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik.