Herriko lau eskultura zaharberritu eta garbitzeko lanak martxan

Maialen Bastarrika Luengo 2024ko uzt. 9a, 14:51

Zaharberritze eta garbiketa lanekin obra horiek zaindu, balioa eman eta horien iraunkortasuna bermatu nahi du Udalak.

Iaz hasitako proiektuari jarraipena emanez, aurten Tolosako Udalak lau eskultura gehiago zaharberritu eta garbituko ditu: Nestor Basterretxearen ‘Goldea’ (Emeterio Arreseko lorategiak), Ricardo Ugarteren ‘Oroimenaren Gaztelua’ (San Frantzisko pasealekua, Artxiboaren aurrean) eta Juan Lopek egindako Pablo Gorosabelen (Soldadu kalea) eta Adrian Lasquibar Larretaren bustoak (Berazubi estadioa).

Aurreko urtean hasi zen jada ekimen hau, hainbat faktore direla medio, eskultura hauek narriatu egiten direla-eta. Izan ere, 2023an, proiektuaren lehen fasean beste hainbat eskultura zaharberritu zituzten: Juan Loperen ‘Baserritarrei omenaldia’, Koldobika Jauregiren ‘Kantu ixila IX’, Eduardo Chillidaren ‘Lizardiren leihoa’ eta Jorge Oteizaren ‘Atauts’ eskulturak.

Proiektu honen helburua, obra hauen jatorrizko itxura berreskuratzea da, hauen zaintza eta iraunkortasuna bermatuz.

Kontu eta mimo handiz egindako lana

Eskulturagintzan adituak direnak ari dira lan hauek burutzen, eskultura bakoitzaren ezaugarriak errespetatu eta mantendu daitezen.

Horretarako, eskulturen harria edota materiala hondatzen ez dituen material eta produktu kimikoki puruak eta toxikotasun txikikoak erabiliko dira eta obraren jatorrizko materialekin ahalik eta bateragarritasun fisiko-kimiko handiena duten tratamenduak aplikatuko dira

Honetaz gain, harrizko eskulturen kasuan hauen gainazala berdinduko dute, kolore kromatikoen berrintegrazioa eginez. Gainera, hidrofugazio lanak ere egingo dira, uraren sarrera-irteera eragotzi eta hezetasuna saihesteko. 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean