Tolosako Udalak irmoki erantzun dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Ospitale Publiko berriaren inguruan

Maider Navarro Alustiza 2024ko eka. 13a, 15:30

Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, ingurumen-agiri estrategikoa osatzeko eskatu zion dokumentazio osagarria bidali diola jakinarazi du Udalak.

Maiatzaren 31an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eskualdeko ospitale publikoa eraikitzeko giltza duena Tolosako Udala dela adierazi zuen eta ospitale berri bat eraikitzeko behar diren lurrak lagatzeko asmorik duen ala ez erabakitzeko eskatu zion. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren webgunean ikus daitekeen moduan.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak irmoki erantzun dio Osasun Sailari, lanean jarraitzen dutela eta ospitale Berria eraiki ahal izateko bere esku dagoena egiten jarraitzen duela.

Zergatik eskatu duen Asuncion Klinika publifikatzeko aukera argitu nahi izan du alkateak.

Urrats hauek Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko Aldaketa Puntuala gauzatzeko ematen ari direla adeirazi dute eta udaleko sail ezberdinetako teknikariek dagozkien txostenak egin eta gero, aldaketa hori egiteko dokumentazioa aurkeztu zitzaiola Planeamenduko Aholku Batzordeari. Segidan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ingurumen-agiri estrategikoa egiteko eskaera egin ziotela, zegokion dokumentazioa igortzearekin batera.

Mtz. de Rituertok azaldu duenez, maiatzaren 21ean, Ingurumen Sailak informazio gehigarria eskatu zion udalari, agiri estrategiko hori osatu ahal izateko eta asteartean jaso zituzten dokumentazio osagarri horren txostenak, egun berean erregistratuz Eusko Jaurlaritzan.

Hurrengo urratsak

Udalak eman behar dituen hurrengo pausuak ere azaldu ditu Tolosako alkateak:

  1. Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-agiri estrategikoa jaso ondoren, udalak HAPOaren Aldaketa Puntualari hasierako onespena eman ahal izango dio eta jendaurreko entzunaldia zabalduko da. 

  2. Txosten sektorialak eskatuko dira –URA, Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentua, Osasun Saila, etab–. Eta epe horretan, herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia ere antolatuko da.

  3. Txostenek esandakoarekin eta herritarrengandik jasotako ekarpenekin azken dokumentua osatuko da, behin behineko onespena eman ahal izateko.

  4. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du udalak HAPOaren Aldaketa Puntuala.

Aldaketa hori gauzatuta, Osasun Sailaren esku geratuko lirateke lurrak, eta ordutik aurrera ospitalea eraikitzeko aukera izango lukete, dagokion proiektua idatzi eta gero.

Asuncion Klinika publifikatzea aztertzearen inguruan

Era berean, udala ospitale publikoa eraiki ahal izateko tramite guztiekin aurrera egiten ari den arren, zergatik eskatu duen Asuncion Klinika publifikatzeko aukera argitu nahi izan du alkateak. Oraintxe bertan Asuncion Klinikan berrikuntza handiak egiten ari direla azaldu du eta eraikina berrituta dagoenean, gutxienekoa, publifikazio baten aukera aztertzea dela berretsi du, jakiteko, behintzat, zer nolako inplikazioak dituen: bai ekonomikoak, bai pertsonalari dagozkionak, bai legalak…

Bere iritzia aldatu ez duela azpimarratuz amaitu du agerraldia alkateak, eta Osasun Sailari elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu dio.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean