Azken lau urteetan, pandemiak eraginda edo kiroldegiko langileen grebaren ondorioz, ezin izan du Tolosa Eskubaloiak Sanjoanen atarian egin ohi duen txapelketa hau antolatu. Larunbatean bai, XV. edizioa osatuko du San Joan Torneoak.
Parte hartzaileei dagokionean, Tolosa CFk, Uhartek eta Usurbilek mutil zein nesken kategorian izango dute ordezkaritza; Leizaranen kasuan mutilen taldeak hartuko du parte eta Urolatik emakumezkoen taldea etorriko da. Goizean sailkatze faseak jokatuko dira, talde bakoitzak gainerako hiruren aurka jokatu beharko du, lehenengo lehiak 10:00etan hasiko dira eta azkenak 12:30ean, partidak bi kantxetan banatuta jokatuko dira. Arratsaldean, 16:00etan nesken kontsolazio finala jokatuko da eta hau bukatzean, mutilena. Final nagusiak 17:30ean eta 18:30ean hasiko dira.