Tolosako Udalak bilera izan du Uraren Euskal Agentziarekin, Zubi Berriaren etorkizuna argitu asmoz. Proiektuak herrian eragin duen kezka ikusirik, zubia eraitsi ordez lehenago egin litezkeen beste lan mota batzuk lehenesteko eskatua zion Tolosako udalak URA Agentziari. Aditu gehiagoren iritzien bila ere aritu direla jakinarazi dute, beste alternatiba batzuk bilatzeko, baina, eraginkorrena zubia ordezkatzea dela azpimarratu dute bai URA agentziako teknikariek, baita kontsultatutako adituek ere.
Eraginkorrena zubia ordezkatzea dela azpimarratu dute bai URA agentziako teknikariek, baita kontsultatutako adituek ere.
EAEn uholde arrisku gehien duen guneetako bat Tolosa da, eta bi zubi dira, dituzten ezaugarriengatik uholde arriskuari begira, arazo gehien eragin ditzaketenak: Nafarroako Zubia eta Zubi Berria. Ondarearen ikuspuntutik, lehenak babes maila altua du eta, ondorioz, bietako bat ordezkatzekotan, bigarrena lehenetsi izan da.
Zergatik Zubi Berria?
Zubi Berriaren baoek eta altuera txikiak gaitasun hidraulikoa gutxitzen dute, hau da, ur gehiago pasa ahal izatea galarazten dute. Bestalde, Zubi Berriaren aurretik eta ondoren, sedimentu asko pilatzen dira Zumalakarregi pasealekuaren aldean. Zubiaren ordezkapenarekin urak ahalmen handiagoa izango luke sedimentuak ibaian behera eramateko. Gutxiago pilatuko lirateke eta ibai-oheak behera egingo luke URAren ustetan.
Ondorioa argia bada ere, oraindik ez dagoela lanak abiatzeko datarik zehaztuta.
URA Agentziak udalaren eskura jarri ditu zirriborro berriak eta orain informazio guztia lantzen ari da. Prest izandakoan, herritarren eskura jarriko da guztia eta aditu talde baten laguntzarekin informazio eta parte hartze saioak ere egitea da asmoa. Ondoren URA Agentziak exekuzio proiektua landu beharko du. Argitu behar da, ondorioa argia bada ere, oraindik ez dagoela lanak abiatzeko datarik zehaztuta.