Udalerri bat etxebizitza eremu tentsionatua zer den, Espainiak onartutako Etxebizitza Legeak zehazten du. Eremu horietan, hipoteka-kostuengatik edo alokairuaren prezio altuengatik, etxebizitzen eskaintza biztanleentzat nahikoa ez izateko arriskua dago.
Testuinguru horretan, Eusko jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez, txosten bat egin du eta tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituzten eremuak identifikatu ditu, tartean Tolosa.
Tolosaren egoera
Udalerri batek, bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko ondorengo bi irizpideetako, bat bete behar dute: batetik, etxebizitzen alokairu edo erosketa prezioen azken bost urteetako hazkundea, erkidegoko KPI metatua baino hiru puntu altuagoa izatea. Tolosaren kasuan, eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gune tentsionatuen txostenean emandako datuen arabera, azken bost urteotako alokairuaren batez bestekoa %18 igo da: 2017an 552,4 eurokoa zen, eta 2022ko datu 651,8 eurokoa da, lehen irizpidea beteaz.
Bestetik, hipoteka/alokairu eta oinarrizko hornidura gastuek familien batez besteko errentaren %30 gainditzea. Irizpide hau ere betetzen du, 2021eko diru-sarreren batez bestekoa 32.047€koa izan baitzen, eta etxebizitza kargak %31,95ekoak.
Aurretiazko prozedurak, hiru fasetan
Tentsio handiko gune izendatu aurretik prozedura zehatz bat jarraitu behar dute, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari bi dokumentu aurkeztuz: etxebizitzaren inguruko diagnostiko bat eta hiru urtetarako ekintza plan bat etxebizitza arloan dauden gabeziei erantzuteko, egutegi jakin batekin. Dokumentu horiez gain, memoria bat ere egin beharko da, datu objektiboetan oinarrituta eskaera arrazoituz.
Izendapena jasotzen duen unetik aurrera alokairuaren prezioak izozteko aukera izango du Tolosako Udalak.
Lehen fasean, Tolosako udalak diagnostikoa egingo du. Horretarako auzo edota zentsu-sekzioak eta genero aldagaia hartuko dute kontutan, eta inguruko udalerriekin alderatuko dira datuak. Etxebizitza Planaren proposamena landuko dute bigarren fasean, eta azkenekoan justifikazio-memoria.
Ondoren, dokumentazio guztia egindakoan, udalak tentsio handiko gune izendatzeko eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, eta onarpena jasotzen den unetik aurrera udalak tresna gehiago izango ditu eskura, etxebizitza merkatuan eragiteko. Besteak beste, une horretatik aurrera alokairuaren prezioak izozteko aukera izango du.