Tolosako nerabeen aisialdi aukerak hobetzeko 17 proposamen

Maider Navarro Alustiza 2024ko mai. 14a, 16:47

Aisialdirako aukeren inguruko galdetegi bat bideratu zitzaien DBH 1-4 bitarteko ikasleei Ekintza Plan bat burutzeko asmotan eta erroldatutako nerabeen %93ak baino gehiagok erantzun du.

Tolosako Udalak herrian, nerabeen aisialdi aukerak indartu eta hobetzeko, parte hartze prozesu bat jarri du martxan. Prozesuaren abiapuntu modura, aisialdi aukeren inguruko galdetegi bat bideratu zitzaien DBH 1-4 bitarteko ikasleei, iritziak, proposamenak eta ideiak jaso, eta horiek aintzat hartuta Nerabeen Aisialdirako Ekintza Plan bat egiteko, ‘Haur, nerabe eta gazteen diagnostikoa eta ekintza plana 2023-2027’ dokumentua hain zuzen.

Udalaren ustetan, inkestaren erantzuna bikaina izan da gazteen aldetik, izan ere, udalerrian erroldatutako 917 nerabeetatik 853k erantzun zuten galdetegia, hau da, % 93ak baino gehiagok. Guztira 490 ideia jaso ziren prozesuan.

Galdetzetik ideiak garatzera

Entzute fasea amaituta, deliberaziorako talde bat osatu zen. Inkestan parte hartu zuten 853 gazteetatik 400 nerabek lan horretan modu aktiboan parte hartzeko interesa agertu zuten eta, zozketa zibiko bidez, horietako 43 hautatu ziren. Talde horrekin hiru lan saio ireki egin dira, proposamenak multzokatu, garatu eta aurkezteko lanketa egiteko.

Zortzi nerabek aurkeztu dute lanketa horren emaitza, udaletxeko batzar aretoan. Bertan izan dira Andu Martinez de Rituerto alkatea; Aitor Agirresarobe Gazteria zinegotzia; Biotza Agirre eta Joxe Mari Villanueva, EAJ eta PSE-EEko zinegotziak; baita Gazteria eta Gobernantza sailetako udal teknikariak ere.

Hiru multzotako 17 proposamen egin dituzte gazteek: kirola, kultura eta aisialdia eta datozen asteetan proposamen horiek aztertu eta erantzuna emango die udalak.

17 eskaerak

Kirola

  1. Karting zirkuitu bat eraikitzea.
  2. Tolosa Cup moduko txapelketa antolatzea, Tolosaldeko DBHko gazteei zuzenduta.
  3. Mendiko bizikleta txapelketa bat antolatzea, bizikletari loturiko jarduerak indartzeko.
  4. Kirol denda bat gehiago jartzea herrian, edo hori zabaltzeko bidean laguntza ematea.

Kultura

  1. Festetako barraken prezioa jaistea.
  2. Diskotekak antolatzea, bakarrik gazteentzat.
  3. Kuadrilla arteko txapelketak: herri kirolak, futbola, eskalada…
  4. Txikientzako bigantxa txikiak.

Aisialdia

  1. Nerabeentzako toki estaliak erdigunean, eguraldi txarra egiten duenerako
  2. Parrilla gunea Tolosan, San Esteban auzoko merenderoan edo Skate Park inguruan.
  3. 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako lan poltsa bat sortzea. Horri lotuta, Topagunearen gazte bulegoa astean zehar 16:00-21:00 bitarte irekitzea.
  4. Asteburuetan Tolosaldea edo inguruko herrietara joateko gaueko autobusak jartzea.
  5. Zumardiandian janari eta bitxi postu finkoak jartzea, bertako kontsumoa indartzeko.
  6. Usabal kiroldegiko igerilekua handitzea.
  7. Gazte Eguna antolatzea, beste kuadrillekin jolasteko eta harremanak handitzeko.
  8. Udalekuak antolatzea, 13 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.
  9. DBHko ikasleen arteko kirol lehiaketak antolatzea, Usabal edo Berazubin, kirola jende berriarekin egiteko aukera izateko.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean