Tolosako Udala, nerabe eta LGTBIQ+ komunitateko kideen artean suizidioak prebenitzeko programa lantzen ari da

28 Kanala 2024ko maiatzaren 9a

Osasuna eta ongizate emozionala hobetu asmoz, herri mailako galdetegi bat zabalduko du udalak maiatzaren 9tik 23ra bitartean nerabeekin lan egiten duten eragileen artean.

Lanketa honek Tolosako lehen Herritarren Batzarrean egindako 14 gomendioetako bati erantzuten dio, hain zuzen ‘Nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa; arreta programa, prestakuntza eta esku-hartzea’ deritzonari. Suizidioa prebenitzeko egitasmoak martxan jartzea eskatu zion Herritarren Batzarrak udalari, alegia, sentsibilizazio, formakuntza eta babeserako zerbitzuen egitasmoak aurrera eramatea, besteak beste.

Lehen urrats gisa, herri mailako galdetegia abiaraziko du Tolosako Udalak gaur, nerabeekin lan egiten duten erakunde eta profesionalei zuzenduta. Inkestaren helburua, herri mailako diagnosia egitea da, nerabeen suizidioaren inguruan dagoen, ezagutza eta sentsibilizazio maila zenbaterainokoak diren jakiteko.

Alex Muela EHUko irakasle eta Jon Garcia-Ormaza Osakidetzako psikiatraren laguntzaz prestatu dira galdetegiak. Hilaren 23ra bitartean erantzun ahal izango dira eta helburu du gizarte-sektore honetan arreta, prestakuntza eta esku-hartze programak nola hobetu daitezkeen ulertzea, batez ere nerabe eta LGTBIQ+ komunitatean zentratuta. Azken batean, bi kolektibo horietan suizidioak prebenitzea da azken helburua.

Tolosako Udalaren ustetan, galdetegiak ezinbesteko informazioa bilduko du etorkizunera begira eta erakunde kolaboratzaileek estrategia zehatzak garatu ahalko dituzte, nerabeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko.

Emaitzak aztertu ondoren, 2024-2025 ikasturtean zehar aplikatzeko formazio plan bat garatuko ere garatuko dutela jakinarazi dute, eta geroago, gidalerro edo protokolo bat osatzea aurreikusita dago.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA