Saskibaloiarekin hasita, Eguzkitza Sagardotegia TAKEk Lurralde Mailako igoera faseko playoff-aren final aurrekoa jokatuko du larunbatean (16:00) Usabalen. Digitarte Hoops taldea izango du aurrean, tolosarrek ligako erregularreko bi lehiak irabazi zizkioten talde honi. Oraingoa hil ala biziko partida izango da, irabazten duenak hurrengo astean finala jokatuko du, eta lehia horretan garaipena lortzen duena mailaz igoko da.
Areto futbolean, Laskorainek denboraldiko azken partida Tausteren aurkakoa izango du (larunbata 18:00). Talde horitxoan aro bat amaituko da, Laskorainek maila galduko du eta Ibai Valverde entrenatzaileak agur esango dio Usabalgo aulkitxoari. Denboraldi zaila izan da azken hau Tolosako taldearentzat, hurrengo ikasturtean Hirugarren Mailan jokatu beharko du.
Futbolari dagokionean Tolosako gizonezkoek Ordiziren kontra jokatuko dute (larunbata 15:30), azken lehia Berazubin irabazi ondoren, berriz ere etxean hiru puntuak lortzeko aukera izango du talde urdinak, ordiziarrak sailkapeneko azken aurrekoak dira.
Emakumezkoei dagokionean, Tolosak Berriozarren aurka jokatuko du (larunbata 18:00), bi taldeak jokoan ezer ez dutela iritsi dira azken jardunaldira, hamaikagarren eta hamalaugarren postuetan hurrenez -hurren. Denboraldiari hiru puntuak lortuz agur esan nahiko diote bi taldeek.