Tolosaldeko nekazalturismo eta landetxeetako okupazioa 8 puntu igo da Aste Santuan

Olaia Garmendia Ancisar 2024ko api. 11a, 13:17

Turismo bulegoan jasotako bisitari kopurua aurreko urtekoaren oso antzekoa izan da baina estatuko bisitari gutxiago eta EAE barruko txangozale gehiago izan ditugu; Eskualdeko landetxe eta nekazalturismoen okupazioa Aste Santu aurreko asteburutik Pazko asteko asteburura, 8 puntu igo da aurreko urtearekin alderatuta (%49).

Aste Santu honetan, ostegunetik igandera bitarteko egun horiek ez dira hainbeste bete baina aurreko eta ondorengo astea kontutan izanik, okupazioa hobetu egin da aurreko urtearekin alderatuta.Turismo bulegoan antzeko zifrak izan dira, estatuko bisitari gutxiago eta txangozale gehiago.

Datuak sakon azterturik, ostegunetik iganderako datuak alderatuko bagenitu, zertxobait jaitsi da okupazioa aurreko urtearekin  alderatuta, baina aurreko eta ondorengo Pazko Asteko okupazioak hobera egin du. 

Helburu nagusia, 4 edo 5 jakinetako okupazioa hobetzea baino, urteko hilabete guztietako okupazioa hobetzea denez, badirudi desestazionalizazioa lortzen ari dela, lehen hiruhileko bataz besteko okupazioa ia %30ekoa izan delako aurtengoan eta martxoan, Aste Santua aurreratzearen eragina nabarmena bada ere, urtarrila eta otsaileko okupazio datuak hobetu dira.

Beraz, aurreko urteko tendentzia errepikatzen da eta balorazioa positiboa da, okupazio altuko egun gehiago izatea lortu baita. 

Jatorriari dagokionez, estatuko bisitarietan, lehenbiziko postuan urtero bezala kataluniarrak izan badira ere, ezohikoa izan da bigarren jatorri nagusia Aragoi izatea. Atzerritarren kasuan, frantsesak izan dira gehiengoa eta ondoren aspaldian ez bezala Alemaniatik etorritakoak izan dira gehienak. Tolosaldeko turismo bulegotik Aste Santuko ostegunetik igandera eskainitako bisita gidatu programan 48 pertsonek parte-hartu dute eta gehien eskatu den bisita gidatu Alde Zaharrekoa izan da.

Tolosaldea Bilboko Basque Fest jaialdian, Gourmet Txoko karpan

Martxoaren 28, 29 eta 30ean Tolosaldeak presentzia izan du Bilbon ospatutako Basquefest azokako “Gourmet Txoko” espazioan. Eskualdeko turismo informazioa banatu da bertatik igaro diren 35.692 pertsonen artean eta bereziki galdetu den informazioaren artean daude, mendi ibilbideak, haurrekin egiteko planak, gastronomia eskaintza... Euskal Autonomia erkidegoko jende asko hurbildu den arren, estatu mailako bisitariak eta atzerrikoak ere pasa dira bertatik eta Tolosaldetik pasa daitezen proposamenak eman zaizkie. Informazio turistikoaz gain Tolosaldeko turismo gastronomikoa sustatzeko klubeko kideen produktu batzuk izan dira postuan bertan salgai eta produktu dastaketak ere eskaini dira, hauetan guztira, 1.300 pertsona inguruk parte hartu dute. Tolosaldea ordezkatuz, ostiralean, Balerdipeko erleak-eko erlezainek eztiarekin egindako krema ezberdinen dastaketak egin zituzten eta bide batez udaberritik aurrera eskainiko dituzten bisita gidatuen berri eman zuten. Eta urtero bezala, larunbat arratsaldean Rafa Gorrotxategik arrakasta bermatua duen txokolate dastaketa egin zuen, bertaratutakoek txokolateaz gehiago ikasi eta produktua baloratzen ikasteko helburuarekin.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean