Tolosako Gazte Topaguneak eta Udalak udako gazte auzolandegiak antolatu dituzte 11-17 urte bitarteko gazteentzat. Aurten bi modalitatetako auzolandegiak egingo dira: ingurumen alorrekoak eta arlo artistikokoak. Lehen kasuan, Uzturre magalean kokaturik dagoen Lazkao iturriaren eta ingurunearen berreskuratzea landuko dira. Auzolandegi artistikoan, berriz, mural artistikoen munduan murgiltzeko aukera izango dute gaztetxoek, Alaia Gaztelumendi adituaren eskutik.
Izen-ematea dagoeneko zabalik
Gazte auzolandegiak uztailean egingo dira eta bi txanda izango dira aukeran: uztailaren 1etik 5era lehena, eta 8tik 12ra bigarrena. Bi kasuetan, goizez izango dira, 9:30etik 13:30era.
Lekuak mugatuak dira, auzolandegi artistikoan 15 laguneko taldea egingo da eta ingurumenekoan, 20 pertsonakoa.
Interesdunek apirilaren 17a bitarte izango dute izena emateko aukera, online, udal webgunearen bitartez edota aurrez-aurre, UDATE, herritarren arreta zerbitzuan.
Informazio gehiagorako 688 740 164 telefonora deitu edo Gazteria sailera jo daiteke, Kultur Etxean.