Auzoen Mahaiaren bigarren bilera, apirilaren 8an egingo du Tolosako Udalak

Maider Navarro Alustiza 2024ko mar. 26a, 15:20

Uztailean egin zuen udalak Auzoen Mahaiaren lehen bilera irekia, auzoetako ordezkaritza zabal batekin. Gerora, irailean abiatu zuen auzoz auzoko bilera-erronda, interesa agertu zuten guztiekin, beharrak detektatzeko eta proposamenak jasotzeko.

Urtarrilaren amaierara bitarte ia astero egin dituzte bilera hauek eta jasotako informazioa landu ostean, txosten bat osatu du Tolosako udalak, eta ondorio horien berri emango du deitutako bilera ireki honetan.

Josune Sanz, Komunitatea eta Gobernantzako zinegotziak dinamika aberasgarria eta errealitate askorekin egin dutela topo adierazi du, proposamen asko jasoaz auzotarren partetik. Aktibo izateko nahaia ere eskertu die auzokideei. Hurrengo pausen inguruan ere hitz egin du "Orain proposamen guztiei batera ezingo diegu aurre egin, eta pixkanaka kanalizatzen joan nahiko genuke. Horretarako sustatu nahi dugu Auzoen Mahaia, lehentasunak elkarrekin finkatzeko eta hori herri ikuspegi orokor batetik egiteko. Hau da, norberak bere ingurua aztertzetik harago, gainerakoena ere kontuan izatea nahiko genuke».

Auzoen Mahaiaren bigarren bilera orokorra apirilaren 8an, astelehena, izango da, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan. Auzoengandik jasotako beharren txostena aurkeztearekin batera, Auzoen Mahaiaren ondorengo urratsen berri ere emango dute udal ordezkariek.

Bilera irekia da, eta auzoetako edo auzo elkarteetako ordezkariek ez ezik, interesa duten herritarrek ere bertaratu ahal izango dute.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean