Bigarren urtez jarraian Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuak "Adinbera" proiektua burutuko du Tolosan, 65 urtetik gorako pertsonen kalteberatasuna aztertu eta horri aurre egiteko bideak jorratzeko. Tolosako Muñoa Fundazioak finantzatu du proiektua eta Tolosaldea ESIaren eta Udalaren laguntza du.
Hain zuzen, ikerketa gauzatu ahal izateko parte hartuko luketen 65 urtetik gorako pertsonen bila dabil orain ikerketa-taldea. Hori dela eta, Tolosako Udalak adin tarte horretako herritarrei dei egiten die egitasmoan inplikatu eta parte har dezaten.
Parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete jada Adinbera webgunean edota posta elektronikoz, adinbera@bio-gipuzkoa.eus helbidera idatziz.
Informazio saio irekia, martxoaren 19an
Egitasmo hau Tolosan egiten den bigarren urtea bada ere, datorren asteartean, martxoak 19, informazio saio irekia egingo da ikerketa-prozesuari eta proiektuaren helburuei buruzko xehetasunak emateko eta interesa duten herritarren galderei erantzuteko. Saioa 12:00etan egingo da Kultur Etxean, eta gutxi gora behera ordubeteko iraupena izango du.