EBA Ligako A-A multzoa osatzen duten hamalau taldeetatik lau dira gipuzkoarrak, igandean horietako bik, Mondragon Unibertsitateak eta Redline Mekanika TAKEk elkarren aurkako lehia jokatuko dute Arrasaten. Partida berezi hau igandean 18:30ean hasiko da.
Tolosako taldea sailkapeneko hamaikagarren postuan iritsiko da lehiara, orain arte jokatu dituen hamabost partidetatik lau irabazi ditu. Arrasateko taldea berriz, zazpigarren tokian dago taulan, zortzi garaipen lortu ditu orain artean.
TAKE Grupo de Santiagori nagusitasunez (99-64) irabazi ondoren iritsiko da derbira. Mondragon Unibertsitateak ere irabazi egin zuen pasa den asteburuan, kasu honetan hiru puntuko aldea (74-71) atera zion MUk Santurtziri.
Lehen itzulian, hirugarren jardunaldian jokatutako partitan, Debagoieneko taldea izan zen garaile. Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatutako lehia, 67-70eko emaitzarekin bukatu zen.