Badator XXV. Elkartasun Krosa

Maialen Bastarrika Luengo 2023ko abe. 13a, 12:43

Izen-emateen irabaziak Zutani elkartera bideratuko dira, honen lana babestu eta indartzen jarraitzeko.

Urtero legez, abenduaren 31n ospatuko da Elkartasun Krosa, Orixe Institutuak eta Samaniego Ikastetxeak Tolosako Udalarekin elkarlanean antolatuta. Aurtengoa berezia da, 25. Edizioa izateaz gain, Samaniego Ikastetxeak 50 urte betetzen baititu.

Parte hartu nahi dutenek dortsala Shanti Kirolaken eskuragarri izango dute. Aurten 1.000 jarriko dituzte salgai eta horietatik 100 kadeteentzat izango dira. Helduek 10 euroren truke erosi ahal izango dituzte, kadeteek berriz, 5 eurotan. Saldu ez diren dortsalak krosaren egunean bertan eskuratu ahal izango dira Zerkausian, 12 eurotan.

Korrikaldiaren zehaztasunak

Lehenik, haurren saioa hasiko da 15:30ean. Benjaminek 700 metroko lasterketa egingo dute eta alebinek zein infantilek 1.400 metrokoa.

Ordubete beranduago, 16:30ean, heldu eta kadeteek egingo dute korri. Hauen froga 5.050 metrokoa izango da. Kadeteak Solana kaletik irtengo dira eta, helduak ordea, Plaza Zaharretik.

Guztientzat, helmuga Solana kalean kokatuko da.

Zerkausian izango da sari banaketa, lasterketa guztiak amaitu ondoten. Trofeoak Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutakoak eta eginak izango dira, eta hauek 2. eta 3. sailkatuei banatuko zaizkie. Mozorrorik onena ere saritu egingo dute. Hala ere, parte-hartzaile guztiek jasoko dute domina eta, gainera, hauen artean kamisetak zozketatuko dira.

Azkenik, aurten antolatzaileek sari berezia Iraitz Arrospide lasterkariari emango diote, bere kirol ibilbide oparoa dela-eta.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA