Kiroldegiko gatazka

Usabal Kiroldegiko langileen greba bertan behera

Erredakzioa 2023ko aza. 16a, 17:16

Bihar langileak lanera joango dira baina kiroldegiko ateak irekiko diren, BPXport enpresaren esku dago.

Tolosako Usabal Kiroldegiko langileak kiroldegiaren aurrean elkartu dira eta sei hilabeteren ondoren greba bertan behera utziko dutela adierazi dute. Bihar lanera joango dira baina kiroldegiko ateak irekiko diren, BPXport enpresaren esku dago. Tolosako Udalak gaur arratsalden argitaratu ditu kirol instalakuntzak kudeatzeko lehiaketa publikoaren pleguak. Hauek aztertu ondoren kiroldegiko langileek eta ELAK ikusi dute lan baldintzak duindu eta bermatzeko baliabideak badaudela. Hau horrela greba etetearen erabakia hartu dute langileek.

"Lanera itzuliko gara, datorren enpresarekin akordioa lortu eta borroka amaitutzat emateko."

Tolosako Udalak esan bezala, langileak lehengo baldintzetan itzuliko dira lanera eta BPXport enpresarekin. Haritz Zelaia langileen bozeramaileak adierazi duenez "Udalak lizitazio  berria ateratzearen erabakia hartuta eta honek denboran luze iraun dezakeela ikusita, langileok lanean hasteko erabakia hartu dugu, Tolosa eta Tolosaldea guztiko herritarrengatik, kirolari eta erabiltzaile guztiengatik eta noski, baita guregatik ere."

Erabaki honek arriskuak ere badituela adierazi dute langileek. Badakitela lizitazio berriarekin datorren enpresarekin negoziatu beharko dutela eta ondorengo hilabeteetan enpresak hartu dezakeen jarrerarekin asko sufritu dezaketela. "6 hilabeteko borroka luzea burutu dugu, eta oraindik ez da bukatu, baina grebari amaiera emango diogu eta lanera itzuliko gara, datorren enpresarekin akordioa lortu eta borroka amaitutzat emateko."

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean