Gatazka konpontzeko emandako urratsak ikusita, langileek greba behin behinean eten, lanera itzuli, eta kiroldegia irekitzeko «esperantza» duela aitortu du alkateak
Tolosako Kirol instalazioen kudeketan dagoen BPXsport enpresarekin indarrean dagoen kontratua deuseztatzeko eta lizitazio berri baten prozesua abiarazteko irizpenei aldeko botoa eman du udal gobernuak gaur goizeko Antolakuntza Lan Esparruko batzordean.
Tolosako alkatea den Andu Mtz. De Rituertok agerraldia egin du goizean, behin prozedura administratibo eta txosten juridikoak osatuta, udalak eman dituen eta emango dituen urratsen berri emateko.
Lehen aukera elkarrizketaren bidez adostasunak bilatzea izan dela azpimarratu du Martinez de Rituertok: «Saiakera ugari egin badira ere, blokeo egoera puskatzea ezinezko izan da, eta kontratuari eragiten dioten neurriak hartzea besterik ez da geratu».
Kontratua deuseztatzeko bi arrazoi nagusi azaldu ditu.
Alde batetik, emakidunak, datu ekonomikoetan hasierako proposamenean ez zegoen kontzeptua sartu duela, kontratuaren emaitza ekonomikoa desitsuratuz; eta, bereziki garrantzitsuena, denbora luzez adostutako zerbitzua ez du eman.
«Alde batetik, azterketa ekonomikoek erakutsi dute kontratua bideragarria dela. Gainera, argi ikusten da, emakida-kontratuen kasuetan enpresaren esku egon beharko lukeen arrisku-operazionala ez duela bere gain hartzen», azaldu du.
Alkateak argitu du emakida-kontratuetan enpresak konpromiso eta betebehar batzuk dituela, horien artean zerbitzua modu jarraituan ematearena
Zerbitzu faltaren inguruan, alkateak argitu du emakida-kontratuetan enpresak konpromiso eta betebehar batzuk dituela, horien artean zerbitzua modu jarraituan ematearena, eta maila ezberdinetako auzitegiek emandako epaien arabera, lan gatazka bat ez dela inondik ere pisuzko argudio bat kontratuan jasotako zerbitzua denboran mugarik gabe ez ematea justifikatzeko. «Sakon aztertu dira erabakiak, juridikoki oso konplexuak baitira. Baina ikusi dugu pisuzko arrazoiak dituela udalak erabaki hau hartzeko. Eta aldeko jurisprudentzia ere bada», gehitu du.
Bigarren urratsa, lizitazio berri bat abiaraztea da
Bigarren urratsa, prozesu berri bati hasiera ematea dela gehitu du Mtz. de Rituertok, lizitazio berri bat abiaraztea hain zuzen. Baina lizitazio honek aldaketa nabarmenak izango dituela, kontratu mota eta iraupenean hain zuzen.
Hasteko, kontratu motari dagokionez, ez da emakida-kontratu bat izango, zerbitzu-kontratu bat baizik. «Halaxe aholkatu dute udaleko teknikariek. Zerbitzuak are gehiago bermatuko lituzke, gainera». Iraupena ere mugatua izango da, gehienez bi urterako: urtebetekoa, beste urte batez luzatzeko aukerarekin. Prezio-kalitate lotura ere lehenetsi da, eta kontratuaren prezioa legeak ematen dituen mugen barruan kalkulatu da. Alkateak ere argitu nahi izan du, lizitazio berria esleitu bitartean gaur egungo enpresa behartuta dagoela zerbitzua ematera.
Lizitazio berri bat abiaraziko da baina honek aldaketa nabarmenak izango ditu, kontratu mota eta iraupenean hain zuzen.
Hain zuzen, esleipen prozesua amaitu baino lehen, kiroldegia irekitzeko beste aukera bat ere badela aitortu du alkateak: «Aukera bat izan liteke langileek greba etetea erabakitzea, behin behinean behintzat. Eta herriak benetan premia handia duela ikusita, eta etorkizunean orain sortutako gatazka eta arazoak bideratzeko pausoak eman direla ikusita, bihotzez uste dut urrats horiek emango direnaren esperantza dudala».
Garai transitorioa amaitzean, etorkizuneko eredua ausnartuko dutela ere adeirazi du alkateak baina lau bete beharreko baldintza izango dituela: zerbitzua bermatzea, hau da, udalak kontrola izatea, zerbitzu hori kalitatezkoa izatea, langileen lan baldintza egokiak bermatzea eta kontratua ekonomikoki orekatua izatea.
Agerraldiaren amaieran, Andu Martinez de Rituertok begirunea azaldu die kaltetutako erabiltzaile eta kirol taldeei: «Nire begirunea azaldu nahi diet ere bai, kirol taldeetako kirolari, langile, boluntario eta gurasoei, edota kiroldegiarekin lotutako gainerako langile eta enpresei: urte luzez egitura eta sare horiek sortzeko egindako lana kolokan jarri da, eta ezin dugu altxor hori galtzen utzi».
Era berean, afera hau ahalik eta azkarren konpontzeko konpromisoa berretsi du: «Ahalegin guztia egiten ari gara herrian berriro ere kalitatezko kirol zerbitzuak izateko eta kirol taldeen sare hori babesteko».
Adierazpena, osorik, erlazionatutako bideoan duzue.