Tolosako Udalak aurtengoan ere 2024ko egutegia osatzeko Tolosanklisk lehiaketa egin du. Aurtengo gaia, Tolosa, kultur herria izan da, herrian kultur ekitaldiek duten garrantzia aitortzeko helburuarekin. Epaimahaiak aukeratu ditu egutegia jantziko duten irudiak.
Tolosanklisk lehiaketaren edizio honetara 147 argazki aurkeztu dira eta 80 lagunek hartu dute parte. Sariketan azalerako argazkia, irudi irabazlea aukeratzeaz gain, urteko 12 hilabeteen argazkiak ere aukeratu ditu epaimahaiak. Hala, Arantxa Aranburu Arakama izan da irabazlea eta 600 euroko saria jasoko du. Gainera, bere Kultura Saretzen lanarekin apainduko dute 2024ko egutegiaren azala.
12 hilabete, 12 kultur ekitaldi
Urteko 12 hilabeteen irudien ataleko irabazleek 200 euroko saria jasoko dute eta ondokoak izan dira: Javier Ortiz Moreno Isidro Larrañaga Zuzendari Maisua lanarekin (urtarrila); Arantxa Aranburu Arakama Txarangen Igoera (otsaila); Javier Zabala Txarangak (martxoa); Juanan Dorronsoro Ugartemendia Gure Zirkuaren Emanaldia (apirila); Unai Altolagirre Ormazabal Suaren gainean oihu eta irrintzi (maiatza); Xabier Liceaga Txistulariak eta Dantzariak (ekaina); Joseba Imanol Odriozola Tolosanblus (uztaila); Joseba Iturbe Erraldoiak (abuztua); Iñaki Otegi Arrospide Badator Erraldoia (iraila); Juanma Goñi Sagarzazu El Pajarillo (urria); Javier Zabala Tolosako Abesbatza (azaroa) eta Miren Liceaga Santa Ageda Bezpera (abendua).