XXXV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoan izen ematea irekita

Maider Navarro Alustiza 2023ko urriaren 24a

Irudia: Gure Kaiola

Aurten, estreinakoz, San Frantzisko Pasealekuan egingo da txapelketa

Aurten ere, Gure Kaiola elkarteko kideek Tolosako Babarrunak hoberen prestatzen dituen bikotea topatzeko lehiaketa gastronomikoa antolatu dute Babarrunaren Festaren baitan eta bertan parte hartzeko izen ematea dagoeneko irekita dago.

Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren 35. edizioa izango da azaroaren 18an larunbata eta aurten, estreinakoz, San Frantzisko Pasealekuan egingo da txapelketa. 20 bikote partehartzaile egongo dira gehienez eta pasealekuan bertan jarriko dituzten postuetan prestatu beharko dute Oiartzungo Joxe Mari Aranbururen babarruna (azken edizioan ekoizle lehiaketan txapeldun izandakoa).

Izenematea whatsappez edo mezu bitartez egin daiteke 605 426 533 zenbakian edo gurekaiola@hotmail.com helbide elektronikoan. eta izen emateko epea azaroaren 9a izango da.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

  1. Lehiaketa Tolosako San Frantzisko pasealekuan izango da.
  2. Partehartzaile bakoitzak kilo bat babarrun prestatu beharko ditu.
  3. Antolatzaileek emango diete babarruna partehartzaileei. Tolosako Udalak antolatutako Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketan lehengo urtean saritutako ekoizlearena izango da babarrun hau. Kasu honetan, Oiartzungo Joxe Mari Aranbururen babarruna.
  4. Nahi adina osagai erabil daitezke, betiere babarruna nagusitzen bada. Prestatzerakoan erabilitako osagaiak bakoitzaren kontu izango dira.
  5. Partehartzaileek Tolosako San Frantzisko Pasealekuan bertan egin beharko dute babarruna, goizeko 8:30etatik aurrera, bertan jarriko diren sukaldeetan.
  6. Prestatutako babarrunak aurkezteko ordua: eguerdiko 12:30ak.
  7. Babarrunak lehiakideei itzuliko zaizkie epaimahaiaren erabakiaren ondoren.
  8. Gehienez 20 bikotek parte hartuko dute lehiaketan (izendapen askeko 2 bikote barne, bat Tolosako Udalaren aldetik eta beste bat Gure Kaiola Elkartearen aldetik).
  9. Izen emandako lehiakideen kopurua plaza erabilgarriena baino handiagoa bada, zozketa egingo da Gure Kaiola Elkartean azaroaren 10n, ostirala, 20:00etan.
  10. Zozketaren ondoren, antolakuntza lehiakideekin harremanetan jarriko da izen-ematea baieztatzeko. Baieztapen hori egin ahal izateko, lehiakideek, izena ematerakoan, lehiakide-bikotearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa adierazi beharko dituzte.
  11. Izena emateko epea azaroaren 9ean, osteguna, 24:00etan amaituko da.
  12. Arauak errespetatzen ez dituen oro deskalifikatuko da.
  13. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

SARIAK

  • 1. Saria: 400 euro, txapela eta produktu-sorta bat.
  • 2. Saria: 200 euro eta produktu-sorta bat.
  • 3. Saria: 200 euro eta produktu-sorta bat.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA