UNIMA Federazioaren aurtengo XXII. Biltzarra Tolosako TOPICen izango da, urriaren 27tik 29ra.
Ostiralean, hilak 27, 18:30ean, Kongresua aurkeztu eta inauguratuko dute TOPIC, UNIMA Euskal Herria eta Eva Serna UNIMA Federazioko lehendakariak. Ondoren, Txotxongillo Taldeari omenaldia egingo diote, Adolfo Ayusok Isabel Gasseti hitz batzuk eskainiz, txotxongiloen aitzindaria baita eskolan. Ondoren, taldeak, “Caminos para la Poesía/Poesiarako Bideak” antzezlana antzeztuko du.
Hilak 28an, 12:00etan, hasiko da Txotxongiloen Ondarearen Defentsa, Berrezarkuntza eta Dokumentazioari buruzko Mintegia, Francisco Javier Cornejok aurkeztua eta moderatua eta Idoya Otegui, UNIMAko Ondare Batzordeko lehendakariaren parte-hartzearekin. Oteguik testuinguru orokorrago batean kokatuko du mintegia, helburu unibertsalagoetara bideratuz.
Ondoren, Raquel Arrazionerok hartuko du hitza, Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritzean lizentziatua. Arrazionerok, txotxongiloak zaharberritzen egin du lan, besteak beste, Almagroko Antzerki Museo Nazionalean (Ciudad Real).
Arratsaldean, 16:30ean, mintegiarekin jarraituz, Adolfo Ayusokhartuko du hitza UNIMAko Ondare Batzordeko kide eta hainbat garaietako ondareetako aditu gisa. Museoetan eta bilduma partikularretan gordetako ondarearen kontserbazio, berreraikitze eta zabalkunde prozesuetan ikerketak eta azterlanen garrantziaz hitz egingo du.
Amaitzeko, Ana Valls, Bartzelonako Antzerki Institutuko Arte Eszenikoen Museoko zuzendariak, museoaren bilduma zabalari buruz hitz egingo du, baita Kataluniako txotxongilolari onenei buruz ere, hala nola Juli Pi, Didó, Vergés familia edota H. V. Tozer-i buruz. Azkenik, kataluniako Eszena Digitala proiektuari buruz entzuteko aukera izango da, dokumentazio- eta artxibo-sistemari buruz hain zuzen.