Kezkaz eta larritasunez hartu dute Tolosako Udaleko EH Bildu eta EAJ udal-taldeek euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako epaia

Maider Navarro Alustiza 2023ko urriaren 18a

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin dituela Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu

Dekretu honek hizkuntza ofizialen erabilera arautzen du, Udal Legea garatuta. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak uztailean Udal Legeari buruz emandako epaiaren ostean, Dekretuaren aurka jo du orain Auzitegi Nagusiak. Horren aurrean, Tolosako Udaleko EH Bilduren eta EAJren udal-taldeek adierazpen bateratu bat argitaratu dute.

"Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat"

Bertan, kezkaz eta larritasunez adeirazi dira euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako epai honen aurrean, "Testuingurua ere kontuan hartu behar da: azkenaldian gisa bereko epai batzuk iritsi dira, eta guztietan berbera izan da norabidea. Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat."

Eapi honek Tolosako Udalari bete-betean eragiten diola ere salatu dute, urteotan jorratutako lan-ildoei hain zuzen eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakarkiola udalak jarritako helburuei, euskararen normalizazioa ezbaian jarriz. Auzitegi Nagusiak euskara lehenestearen aurka egin duela adierazi dute, dekretuak minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramaten duelako, eskubide guztiak bermatzeko.

"Euskarak indarrik handiena duen lurralde-eremuei eragiten die, eta gune horien premia gorria du euskarak"

Udalerri euskaldunei bereziki eragiten diela sententziak ere aipatu dute, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien, "Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen die euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horien premia; bestetik, euskarak indarrik handiena duen lurralde-eremuei eragiten die, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa." Euskara aurrerabidean jarraitzeko asmo sendoa adierazi dute eta aurrerantzean ere martxan jarriko dituela bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak hurratsak ematen jarraitzeko. 

Lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei ere deia egin diete, nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, bidea urra dezaten euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoz hornitzeko.

Tolosako Udalbatzak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako antolatutako manifestazioarekin, eta epai honek beste arrazoi bat jarri duela adierazi dute. Bat egiten dute Galtzaundi Euskara Taldeak larunbaterako antolatu duen elkarretaratzearekin, eta tolosar guztiei dei egin die parte har dezaten: larunbatean izango da, hilak 21, 12:00etan, Plaza Zaharrean.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA