Asteburuari begira sei kirol hitzordu nabarmenduko ditugu gure agendan. Futbolean tolosa Club de Futboleko gizonezkoen taldeak Aretxabaletaren aurka jokatuko du bosgarren jardunaldiari dagokion partidua. Zubietan neurtuko dituzten indarrak bi taldeek igandean goizeko 11:30ean hasita. Talde urdina orain arte jokatu diren lau lehaitatik hiru irabazita dago.
Nesken kasuan jokatutako lau partiduetatik bi iarabazi eta beste bi galduta iritsiko da taldea bosgarren jardunaldira. Igandean San Ignacio izango du aurrean Tolosako taldeak, Alegiako Elorrin jokatuko da lehia igandean 12:00etan hasita.
Areto futbolean Lauburuk Juventud del Círculo taldearen kontra jokatuko du larunbatean Donostiako Gaska pabiloian, partidua arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Lauburuk hiru puntu ditu sailkapenean, azken bi lehiak galduta da talde morea.
Eskubaloian, Anoetako kiroldegiko kantxan hitzordu bikoitza izango da igande goizean. 10:00etan hasita nesken talde nagusiak Ordiziaren kontra jokatuko du, lehen jardunaldiko lehia galduta iritsiko da taldea etxeko aurreneko norgehiagokara. Mutilen kasuan, taldea ligan jokatutako hiru partiduak irabazita da, sailkapen buru jarraitzeko Uharteri irabazi beharko dio igandean, nafarrek ere sei puntu dituzte sailkapen taulan, igandean 12:00etan hasiko da partidua.
Agendaren errepasoa amaitzeko larunbatean Zizurkilen jokatuko den aizkolari txapelketa aipatu behar dugu. 3. mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da intxaur frontoian.