Dagoeneko 23 egun igaro dira Asuncion klinikako langileek haien eskubideak aldarrikatzeko greba hasi zutenetik. Hala erakutsi dute haien haserrea Legebiltzarraren aurrean, Gotzone Sagardui osasun sailburuak honen berri izan dezan.
Asuncion klinika Gipuzkoan dauden ESIetatik ospitale pribatu bakarra da. Hau publikoa bihurtzeko proiektua martxan den arren, eskatzen denetik urrun geratzen da: LABek eta ELAk diotenez, langileen baldintzak ez dira lehenesten proiektu horretan.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egin duen Plan funtzionalak ez du bermatzen Tolosaldeko klinikak inguruko eskualdeetako ospitaleen zerbitzu berdinak emango dituenik, ezta hau %100 publikoa izango denik ere. Bestetik, ez du aipatzen zer gertatuko den Asuncion klinikako 328 langileekin.
LABek eta ELAk arduraz jokatzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Zerbitzu publiko onak eta kalitatezkoak eskaini nahi badira, langileen lan baldintza duinak bermatu beharko dituzte.