Bi laguntza lerro ditu deialdiak: lehena, Berriz Tolosa eta bigarrena, Ekin
Abiatu da Tolosako hiri-ekonomia indartzeko diru laguntzen deialdia. Aurten Tolosako Udalak 107.500 euro bideratu ditu herriko merkataritza jarduerari lotutako zerbitzuak eta ostalaritza edo turismo sektoreko jarduerak sustatzeko.
Bi laguntza lerro jasotzen ditu: belaunaldien arteko negozioen elkartrukerako Berriz Tolosa programak 37.500 euroko diru-poltsa izango du; beste 50.000 euro banatuko dira negozio berriak abian jartzeko Ekin programaren barruan. Gainerako 20.000 euroak, Berriz Tolosa programan erosketarako eta Ekin programan erosketa eta birgaitze lanetarako bideratuko dira.
Aitor Agirresarobe Murgi, Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziaren esanetan, «laguntzen helburua da merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo esparruetako jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna sustatzea, enpresa ekimen berriak abiaraziz eta lokal hutsak dinamizatuz».
Negozioen eskualdaketa bermatzea helburu duen laguntza da. Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Gipuzkoako Merkatarien Bazkundea arduratzen da kudeaketaz. Udalak, berriz, negozioa garatuko den lokalaren alokairu edo erosketa gastuak diruz laguntzen ditu.
Enpresa ekimen bat abiarazten laguntzeko programa da, eta lokala birgaitzeko edota alokairu-erosketa gastuetarako erabili ahal izango da laguntza.
Eskaerak urriaren 14a bitarte egin ahal izango ahalko dira. Laguntza programa bakoitzari dagozkion eskaera orria eta dokumentazioa aurkeztu beharko dira. Eskaera aurrez aurre (Udaten), erregistro elektronikoaren bitartez edota posta bulegoetan egin ahalko da.
Diru laguntza lerro bakoitzak baldintza zehatzak jasotzen ditu eta horiek, nahiz aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa eta eskaera orria ere eskuragarri daude tolosa.eus-en, Tramiteak atalean, Diru laguntzen barruan (Berriz Tolosa eta Ekin).
Zalantzak argitzeko, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 69 75 21 telefono zenbakira deitu ahalko dute interesdunek.