Oporrak Bakean programako zortzi haur sahararrek Tolosaldean igaroko dute uda

Maider Navarro Alustiza 2023ko uztailaren 21a

Ongietorri beroa, uda eskualdean igaroko duten haur sahararrei eta harrera familiei

Aurten ere Saharako haurrak uda pasatzera etorri dira eskualdera, eskualdeko udalen eta Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin antolatzen den Oporrak Bakean programari esker. 22 urte dira egitasmoa martxan jarri zenetik.

Gisa honetako egonaldiek osasun azterketak egiteko, ikasteko, harreman berriak egiteko eta aisialdi giroan gozatzeko aukera ematen diete haurrei, baita basamortuan udako hilabeteetan egiten duen berotik ihes egiteko ere. Egonaldian zehar ekintza eta jarduera ugari garatzen dituzte eskualde osoan zehar.

Aurten zortzi dira, Tolosaldera etorri diren haur sahararrak eta eskualdeko udaletako ordezkariek ongietorria egin diete Tolosako udaletxean. Harrera ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Tolosako, Ikaztegietako, Adunako, Alkizako, Berastegiko, Anoetako, Zizurkilgo eta Amasa-Villabonako udaletako ordezkariek.

Tolosako alkateak egin die harrera, denen izenean eta familien ahalegina ere balioan jarri eta eskertu du.

Harreraren ostean Zumardiandian igaro dute arratsaldea. Bertan Gurpilgunea espazioa ezagutzeko aukera izan dute haurrek. Zumardia elkarteak, gainera, zortzi bizikleta eman dizkio dohaintzan Tolosaldea Sahararekin elkarteari, alegia, bizikleta bat haur bakoitzeko, uda sasoian erabil ditzaten. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren laguntzarekin, bizikletentzako ekipamendua ere jaso dute haurrek: kaskoak, kandaduak, puzgailuak… Behin uda amaituta, bizikletak elkarteak berak jasoko ditu datozen urteetan Saharatik Tolosara datozen haurrek eskura eta erabilgarri izan ditzaten.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA