Ibilgailuak atera beharko dira Zumarditxikitik, asteazkeneko 08:00etarako

Maialen Bastarrika Luengo 2023ko uztailaren 17a

'Kultura Plazara' egitasmoa hasiko dela-eta, Tolosako Udalak autoak kentzeko abisua eman du

Asteazken goizean hasiko dira jaialdiaren muntaketa lanak, hortaz, Zumarditxikia ibilgailuz hustu beharko da. Uztailaren 19ko, 08:00etarako atera beharko dira autoak. Astelehenean egingo dira desmuntatze lanak, eta iluntzetik aurrera autoak berriro ere bertan utzi ahal izatea aurreikusten da. Sortu litezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu nahi die udalak bertako bizilagunei. Era berean, irtenbide batean sakontzeko konpromisoa berretsi du udalak.

'Kultura Plazara' ostiralean hasiko da

Ostiraletik igandera Kultura Plazara jaialdia ospatuko da Zumarditxikian. Musika, artisautza eta gastronomia uztartuko dituen hitzordua izango da aurtengoa.

Orotara sei kontzertu entzuteko aukera izango da asteburu osoan zehar. Ibil Bedi taldeak emango dio hasiera jaialdiari, ostiralean 22:00etan. Larunbatean Broken Brothers Brass Band taldeak kalejira egingo du eguerdian eta arratsaldean, berriz, DJ Alai tolosarra eta Nhil izango dira oholtzan, 19:00etatik aurrera. David Colomo eta lagunen flamenko doinuek, eta Olaia Inziarte bakarlariaren emanaldiak emango diote amaiera jaialdiari, igandean.

Horrez gain, eskaintza gastronomikoa ere izango da asteburu osoan zehar, AMA eta Cárnicas Goyaren eskutik. Gazte artisauen azoka ere izango da, hamar bat posturekin: bitxigileak, kamiseta egileak, margogileak...

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA