Auzo elkarteekin eta auzotarrekin komunikazio zuzena hobetzea eta beren parte hartzea indartzea helburu, aurrez aurreko bilerak egiteko proposamena landu du Tolosako udalak
Dinamikaren nondik norakoen berri emateko lehen bilera orokor bat egingo da, auzo guztietako ordezkariekin, datorren asteazkenean, hilaren 19an. Hitzordua 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.
Udalaren proposamen hori behin behinekoa da, eta ekarpenak egiteko aukera izango dute auzo elkarteek. Behin betiko plana lehen bilerako iritziak entzunda osatuko da, eta irailean jarriko da martxan. Ordutik aurrera, auzo bakoitzarekin bakarkako bilerak egitea da asmoa.
Udalak adierazi duenez, egitasmo honen helburua komunikazioa hobetzea ez ezik, auzo elkarteen eta, oro har, herritarren parte hartzea indartzea da. Parte hartze hori, gainera, bi norabidetan landu nahi da: batetik, udalari proposamenak egiteko zuzeneko bide bat sortzea da asmoa; bestetik, herritarrei erabakietan parte hartzeko bide eman nahi zaie.