Datozen lau urteetarako Tolosako Udalaren antolaketa, definituta

Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 12:00

EUDEL udalerrien elkarteak ezarritako irizpideen arabera, gehieneko ordainsaria baino %15 txikiagoa izango du alkateak, eta horren araberakoa gainerako zinegotziek

Udalbatzak atzo arratsaldean egin zuen agintaldiko lehen osoko bilkura eta datozen lau urteotan izango dituen egitura eta lan dinamika definitu dituzte. Hiru lan-esparru zabaletan oinarritutako ereduarekin jarraituko da aurrerantzean ere, eta horiei lotutako batzorde informatibo iraunkorrak eratu dira: Antolakuntza (Kontuen Batzorde Bereziari dagozkion funtzioekin) Kristina Pelaez Errazkinen ardurapean, Herritarrak, Aitor Agirresarobe Murgiren ardurapean eta Lurraldea, Ander Figuerido Zubiriaren ardurapean.

Batzorde horietako bakoitza zazpi zinegotzik osatuko dute: EH Bildu udal taldeko lau kidek, EAJ/PNV-ko bik, eta PSE/EE-ko ordezkariak.

Antolakuntza Lan-Esparrua: Kristina Pelaez Errazkin

  • Idazkaritzako Sailaren delegatuak, azpisailen arabera:
    • Idazkaritza Orokorra, Administrazioaren Modernizazioa, Kontratazioa eta Ondarea: Kristina Pelaez Errazkin.
    • Giza Baliabideak : Josune Sanz Vidal.
    • Erregistroa eta Informazioa, Herritarren Arreta Zerbitzua (UDATE): Garbiñe Marzol Ormazabal
    • Etxebizitza: Ander Figuerido Zubiria
  • Informatika eta teknologia Berrien sailaren delegatua: Kristina Pelaez Errazkin
  • Kontuhartzailetza eta Diruzaintza sailaren delegatua: Estitxu Kortejarena Ugarte
  • Udaltzaingo sailaren titularra, delegaziorik gabe: Andu Martinez de Rituerto Arregi

Lurralde Lan-Esparrua: Ander Figuerido Zubiria

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak, Mugikortasun, Ingurumen eta Trantsizio Energetikoaren sailak ondorengo delegatuak izango ditu, jarraian aipatzen diren azpisailen arabera:

  • Hirigintza eta obrak: Ander Figuerido Zubiria.
  • Jasangarritasun, Ingurumen. Mugikortasun, Trantsizio Energetikoa eta Landa Garapena: Aitor Agirresarobe Murgi
  • Obra eta Zerbitzuak: Ander Figuerido Zubiria.

Herritarren Lan-Esparrua: Aitor Agirresarobe Murgi

  • Gizarte Zerbitzu eta Osasun saila: Kristina Pelaez Errazkin
  • Garapen Ekonomiko eta Enplegu-Sustapen azpisaila: Estitxu Kortejaren Ugarte
  • Turismo, Merkataritza eta Azoken azpisaila: Aitor Agirresarobe Murgi
  • Euskara eta Euskaltegia azpisaila: Garbiñe Marzol Ormazabal
  • Gazteria eta Hezkuntza Politika azpisailak: Aitor Agirresarobe Murgi
  • Kirol Saila: Andu Martinez de Rituerto Arregi
  • Kultura azpisaila: Goiuri Ezeiza Arandia
  • Festetako azpisaila: Aitzol Gartzia Azurmendi
  • Komunitatea eta Gobernantza saila: Josune Sanz Vidal
  • Berdintasun saila: Goiuri Ezeiza Arandia

Alkateordeen izendapena, berriz, hurrenkera honetan egin da: Ander Figuerido Zubiria, Kristina Pelaez Errazkin, Aitor Agirresarobe Murgi eta Goiuri Ezeiza Arandia. Hain zuzen, lau alkateordeek Tokiko Gobernu Batzarra osatuko dute, alkatearekin eta Estitxu Kortejarena Ugarte zinegotziarekin batera.

Osoko bilkurako beste puntuetako bat alkatearen eta berak izendaturiko zinegotzi delegatuen dedikazioen araubidea onartzearena izan da. Hala, alkate-udalburuak eta hiru lan-esparruetako koordinatzaileek dedikazio esklusiboa izango dute, eta lanaldi erdikoa Kultura Azpisaileko eta Berdintasun Saileko zinegotzi delegatuak. EAJ/PNV bi zinegotzi izango ditu dedikazio esklusiboan, eta dedikazio partziala, berriz, PSE/EE udal taldekoak. EUDEL udalerrien elkarteak ezarritako irizpideen arabera, gehieneko ordainsaria baino %15 txikiagoa izango du alkateak, eta horren araberakoa gainerako zinegotziek.

  • Alkatearen ordainsaria: gehieneko ordainsaria baina %15 gutxiago (66.000€/urtean)
  • Zinegotzi delegatuak: Alkatearen ordainsaria baina %20 gutxiago (53.000€/urtean)
  • EAJko dedikazio esklusiboan dauden zinegotziak, zinegotzi delegatuak baina %10 gutxiago (47.700€/urtean)
  • PSE/EEko %50eko dedikazioan dagoen zinegotziak, zinegotzi delagatuak baina %10 gutxiago eta %50 aplikatuta (23.850€/urtean)
  • Dedikaziorik gabeko zinegotziak:
    • Osoko bilkurako 450€
    • Informazio Batzordeko:
      • Alkatearen delegazioa dutenak: 330€
      • Alkatearen delegazioa ez dutenak: 240€
    • Tokiko gobernu batzarreko 70€
    • Lan esparruko, edota, saileko jarraipen bilerako:
      • Alkatearen delegazioa dutenak: 235€
      • Alkatearen delegazioa ez dutenak: 170€

Osoko bilkurak hilabeteko azken ostegunetan izango dira, 18:30ean.

Halaber, udaleko osoko bilkura, tokiko gobernu batzar, informazio batzorde, eta gainerako mahaien saioetako egutegiak finkatu ditu udalbatzak. Osoko bilkurak hilabeteko azken ostegunetan izango dira, 18:30ean; jai eguna balitz, berriz, bezperan ordu berean. Batzorde informatiboak osoko bilkuren aurreko asteko asteazkenetan egingo dira: Herritarrak (08:00-09:30), Lurraldea (09:30-11:00) eta Antolakuntza (11:00-12:30). Tokiko Gobernu Batzarrak, aldiz, asterartero egingo dira, 09:00etan.

Behin behineko pertsonalaren bi lanposturen izendapena ere egin da: alkatearen idazkariarena eta komunikazio arduradunarena.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean