Zinegoak laburmetraien zikloa Topicen, LGTBIQ+ Egunaren harira

Oinatz Martinez Iturrioz 2023ko ekainaren 23a

Ekainaren 28an, Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en eskubideen Nazioarteko eguna ospatuko da


Horren harira, Tolosako Udalak babestuta, Zinegoak film labur zikloa eskainiko da Topicen, ekainaren 27an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Zinegoak artearen, zinemaren eta kulturaren bitartez sexu-, identitate- eta/edo genero-aniztasunaren inguruan ikusgaitasunerako, aldarrikapenerako, topaketarako eta gogoetarako esparruak sortzen dituen ekimena da. 

7 film labur, herritarrak sexu-orientazioaren eta identifikazioaren aniztasunaz sentsibilizatzeko:
Zinegoak film labur zikloaren bitartez, helburua da herritarrak aniztasunean sentsibilizatzea, oraindik ere kolektibo honetako pertsonek jasaten dituzten jazarpen, bazterkeria edota indarkeria errotik ezabatzeko.  Hori horrela, 7 film labur desberdin eskainiko dira datorren ekainaren 27an Topicen, guztiak, noski, LGTBIQ+ kolektiboaren egoera, eskubideak edota aldarrikapenak bisibilizatzeko.

Hauek dira eskainiko diren film laburrak: 

1. Irrits – Maider Oleaga – Euskadi / 2022 / 15 minutu: Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.


2. Son – Marta Nieto – Espainia / 2022 / 15 minutu:  Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakitzen du elkar nolabait aurkitzeko asmoz. Bidetik labirinto batean galtzen dira, non beren harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko diren, iraganeko zauriak irekiz, haiek sendatu eta aurkitzen hasteko.


3. Warsha – Dania Bdeir – Libano, Frantzia / 2022 / 15 minutu: Warshak Mohammadi jarraitzen dio, Beiruten garabilari lanetan ari den migratzaile siriarrari. Goiz batean bolondres moduan garabi handi eta arriskutsuenetako batera igotzeko aurkezten du bere burua. Guztien begiradatik urrun, bere ezkutuko grina bizitzeko eta askatasuna aurkitzeko gai da.


4. Ezohikoak – Alejandra Bueno – Euskadi / 2022 / 10 minutu: Euskal Herrian hazkuntza prozesuan Euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.


5. Arnasa – Raul Barreras – Euskadi / 2022 / 15 minutu: Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz biloba, baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat egingo dute eta etorkizuneko zailtasunei aurre egingo diete elkarrekin.


6. It´s a grey, grey world – Seyed Mosen – Pourmohseni Shakib – Iran / 2022 / 5 minutu: Mundu guztiz gris batean, gazte kontserbadore baten nortasun koloretsua ustekabean, haur baten jolasek agerian jartzen dute. Jendeak, izututa, poliziari deitzen dio gaztea atxilotzeko. Baina gazteak ihes egitea lortzen du, eta biharamunean itzultzen da askatasunerako eskubidea defendatzeko.


7. Dating internet strangers – Eduardo Wahrhaftig – Brasil / 2022 / 12 minutu: Dozenaka milioi pertsona ari dira erabiltzen hitzordu aplikazioren bat. Kontakizun honetan, zenbait erabiltzailek hitzordu on eta txarrei buruzko istorioak, eta smartphone-en aroan ligatzeari buruzko iritziak partekatzen dituzte.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA