Urtero legez, San Joan jaien ostean, Tolosand Blues musika jaialdia dator eta, aurtengoa, ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko da. Jaialdiaren 19. edizioa izango da eta estatu zein nazioarte mailako puntako talde eta musikariak elkartuko ditu Tolosak.
8 kontzertuz osaturiko egitaraua aurkeztu dute, musika estilo ezberdinak batzen dituena: blues, swing eta twist, rockabilly, rock eta rolla, gospel, jazz... Horrez gain, jaialdiaren azken egunean, masterclass bat ere jasotzen du Kultur Etxeko areto nagusian, Tommy Castro artistaren eskutik. Hauxe egitaraua.
Musika emanaldiak, herriko gune ezberdinetan eskainiko dira: Trianguloan, Gipuzkoa plazan, Txurrerian, Plaza Berrian, Zerkausian eta Euskal Herria zein Lopez Mendizabal plazan.