Urtero udaberrian eta udazkenean Sormenetik izeneko saio bana antolatzen ditu Galtzaundi Euskara Taldeak. Sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko saioak izan ohi dira. 2023ko lehen saioa ekainaren 10ean egin da eta Mirua eta Verde Prato musikariak bertaratu dira Zerkausi azpira. Hau guztia zuzentzen Eneritz Furyak musikari irundarra egon da oholtza gainean Mirua eta Verde Pratorekin batera, eta beraien sormen prozesuaren, musika egiteko estiloaren hautuaren eta beste zenbait gairen inguruko galderak bideratu ditu. Elkarrizketaz gain, protagonisten musikaz ere gozatu ahal izan da.
Mirua talde tolosarra, Maitane Iruiñek, Malentxok eta Mattin Zeberiok sortu zuten 2019. urtean. Harrobia saria irabazi zuten, 2021ean, Gaztea irratiko maketa-lehiaketan eta geroztik musika sortzen jarraitu dute gaur egun arte.
Ana Arsuaga (Tolosa, 1994) margolariaren eta musikagilearen bakarkako proiektua da Verde Prato. Euskal kantu herrikoiak interpretatzen ditu teknologia garaikidea eta XXI. mendeko euskal folklorea uztartuz. Aurten kaleratu du bere bigarren albuma, ‘Adoretua’ izenarekin.