Tolosan “kerik gabeko” bigarren gunea sortu dute

Erredakzioa 2023ko mai. 31a, 15:34

Alondegia plaza izendatu dute aurten kerik gabeko gune, Tabakorik Gabeko Nazioarteko egunean

Tabakorik gabeko mundu mailako egunaren harira, maiatzak 31, Tolosako Alondegia plaza izendatu dute aurten kerik gabeko gune, “Tolosaldea kerik eta zigarrokinik gabe” proiektuaren baitan. Proiektua nerabeen prebentzio komunitario mahaian parte hartzen duten hainbat erakunderen elkarlanetik sortu zen orain bederatzi urte: Tolosako Udala, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartea, Tolosaldeako ESI, eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideen elkarlanetik, zehazki.

Aurreko urtean, Osasun Sailak sustatutako “Kerik Gabeko Guneak” ekimenari jararituz, Lizardi plaza izendatu zen tabakorik gabeko gune Tolosan, eta aurten, berriz, Alondegia. Ondorioz, eremu hori kerik gabeko gune izatea sustatuko da aurrerantzean.

Aldi berean, Tabakorik Gabeko Nazioarteko egunarekin bat eginez, azken astean sentsibilizazio eta informazio saioak egin dira tabakoaren inguruan udalerriko ikastetxeetan, eta gaur goizean Orixe eta Laskorain ikastetxeetako DBHko ikasleek ekintza kolaboratiboa egin dute Alondegian: mural bat margotu dute Arantxa Orbegozo “Txitxi”-ren gidaritzapean.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean