Herriko zenbait kale asfaltatzen hasiko dira astelehenean

Erredakzioa 2023ko maiatzaren 12a

Datorren astelehenetik aurrera, maiatzak 15, Tolosako Udalak herriko hainbat gune eta kale berrasfaltatuko ditu, herriko irisgarritasuna hobetzeko bidean.

Hori horrela, guztira 22.000m inguruko azalera asfaltatuko du, esan bezala, Tolosako puntu desberdinetan banatuta. Esate baterako, San Blas, Iruñea etorbidea, Iparragirre kalea, Iurramendi pasealekua, Iurre auzoa, Bizkaia kalea, Oria kalea, Samaniego, Emeterio Arrese, San Frantzisko, Belate, Santa Lutzia, Donostia etorbidea, Montezkue auzoa, San Esteban auzoa, eta Usabal izango dira berrasfaltatuko diren guneak. Asfaltia S.L. enpresak egingo ditu aipatu lanak eta guztira 578.300,30€ (BEZ barne) bideratuko ditu Tolosako Udalak horietara.

Esan bezala, astelehenean ekingo zaie lanei, zehazki San Frantzisko kalean. Hauek eragina izango dute trafikoan, asfaltatzeak egiten diren bitartean itxiera puntualak egingo direlako. Horri jarraiki, astelehenetik ostiralera bitartean (biak barne) San Frantzisko ibiltokia itxita egongo da ibilgailuentzat eta autobus geldiuneak lekualdatu egingo dira, inauterietan egin ohi den bezala.

Hurrengo astean, halaber, hau da, maiatzaren 22tik aurrera, Samaniego, Emeterio Arrese, Oria kalea eta Iruña kalea berrasfaltatuko dira.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA