HARAGI, maiatzaren 18tik 21era ospatuko da, eta lau egunetan, tokiko eta nazioarteko profesionalak, kazetariak eta kritikari gastronomikoak bilduko ditu
Madrilen aurkeztu dute HARAGIren laugarren edizioa. Eusko Jaurlaritzak, Tolosako Udalak, Basque Culinary Centerrek eta ELIKERek bultzatutako topaketa bere jatorrira itzuliko da, Zerkausian Txuletaren jaia ospatuko baita berriro ere, baina arrakasta handia izan duen azken urteetako jai-esentzia galdu gabe.
Zerkausia berriz ere erretegi erraldoi bihurtuko da maiatzaren 21ean
Zerkausia berriz ere erretegi erraldoi bihurtuko da maiatzaren 21ean, eta bertan Tolosako erretegien menu tradizionala dastatu ahal izango da: txuleta plater nagusi gisa eta kalitate handiko tokiko produktu gehiagorekin lagunduta. Bazkari honetarako txartelak HARAGIren webgunean erosi ahal izango dira, apirilaren 27tik aurrera.
Egun horretan bertan, edizio honetako beste nobedade nagusietako bat ere ospatuko da: Euskadiko hanburgesa lehiaketa. Azken urteetako arrakastari eutsiz, ezin falta HARAGI FEST. Asteburu osoan zehar, bertako eta nazioarteko parrillako profesionalen zuzeneko erakustaldiak, foodtruckak, txuletak dastatzeko aukera, kontzertuak, parrillari buruzko ikastaroak... izango dira.
Aurtengo edizioko gonbidatuen izenak argitaratu dira jada, aipagarrienen artean dira, besteak beste, Florencia Abella (argentinarra, Stockholmeko Eksdet jatetxeko sukaldeburua, Michelin izar batekin), Felicitas Pizarro (sukaldari eta sommelier argentinarra), Blanca Entrecanales (Toledoko Dehesa El Milagro etxaldekoa) edo Beatriz Pablos (abeltzain jasangarria Trujilloko Pablos jatetxean).
HARAGI abiatuko duen kongresuan parte hartuko dute sukaldariok maiatzaren 18an, ostegunez. Gastronomiaren munduko profesionalentzako hitzordua da, eta honako ardatz hauek izango ditu: haragia, jatorria, teknika, jasangarritasuna eta animalien ongizatea. Tolosako anfitrioi eta parrilleroak ere ez dira faltako, ezta euskal gastronomiaren ordezkari ugari ere, hala nola Edorta Lamo, Jon Ayala, Juan Antonio Zaldua edo Txema Llamosas.