Bataz besteko 6m³ hondakin jaso dira erreka garbiketa lanetan

Oinatz Martinez Iturrioz 2023ko api. 3a, 10:45

Joan den martxoaren 23an Uraren Mundu Eguna izan zen eta horren harira, erreka garbiketa lanak burutu ditu Tolosako Udalak Herrikide eta Laskorain Ikastolako DBH2ko ikasle eta irakasleekin.

Garbiketa lanak martxoaren 21ean eta 22an egin dira, hain zuzen, SAM zubitik Berazubirainoko eremuan, Usabal kiroldegiko aparkalekutik Oria ibaiarekin elkartzen den espazioan, Santa Maria elizaren atzealdean eta Belate auzoko eremu batean.

Guztira 180 lagunek hartu dute parte garbiketa lanetan eta bataz beste 6m3 hondakin jaso dituzte errekatik. Jasotako hondakinen artean gehienbat plastikoa eta latak izan dira bildutakoak, haizeak eramanda edota jendeak zuzenean ibaira botatzen dituenak. Bolumen handiko hondakinen artean obretako piboteak, trafiko seinaleak, terrazako aulki bat eta hesiak atera dira eta horrez gain aterkiak, oihalak, arropak edota zapatak ere jaso dituzte.

Eguraldia lagun izan da garbiketa egunetan eta horri esker, ikasle zein irakasleek arazorik gabe burutu ahal izan dituzte lanak. Horrez gain, lanketa baliagarria izan da ikasleek arazoa bertatik bertara ikusi eta sentsibilizatu daitezen.

Datozen urratsak

Iaz bezala, Zehar Euskadirekin elkarlana egingo da zailak diren puntuetan garbiketak burutu ahal izateko, batez ere Nafar zubitik Arrameleko zubiraino tartean pilatzen diren hondakinak ateratzeko. Ekainean eremu hauetan garbiketa errepikatuko da Orixeko institutuko ikasleekin.

Garbiketa lanez haratago, Tolosako Udalak sareak jarriko ditu Araba etorbidean; guztira 211 metro saretuko dira kaleko hondakinak ibaira ez jausteko. Datozen urteetan, herriko zubi eta kale desberdinetan sare gehiago jartzea aurreikusita du Udalak.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean