Oria ibaiak Tolosa osoa zeharkatzen du eta ondorioz, uholde arriskuko eremuan kokatuta daude herriko hainbat gune. Hortaz, uholdeak eta ur goraldiak gertatzeko arriskua handiagoa da Tolosan. Ibaiaren ur emariak, gaur egungo ibilguaren edukiera gainditzen du eta zubien oinarri edo zutabe zabalek ur-emaria oztopatzen dute.
Hori dela eta, Tolosa uholdeetatik babesteko hainbat eskuhartze aurreikusi eta lehenetsi ditu URAk, indarrean duen Ekintza Planari jarraituta. Horietako bat eta garrantzitsuena Zubi Berria ordezkatzeko proiektua da.
"Tolosa udalerria Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua" jendaurrean jartzearekin batera, proiektuari alegazioak egiteko epea zabaldu zen otsailean, martxoaren 7ra arte. Horren harira egin zuten agerraldi bateratua URAk eta Tolosako Udalak. Edonola ere, proiektuaren xehetasunak jakiteko, informazio bilera irekia egingo du URAk Tolosan, martxoaren 16an, arratsaldeko 18:30ean Udaletxeko Batzar aretoan.
Proiektua ezagutzeko interesa duen tolosar orok izango du bileran parte hartzeko aukera eta bileran azalduko diren proiektuaren nondik norakoak hauek izango dira:
- Landutako hirigintza proiektua eta aurreikusitako lanak.
- Zubi Berria ordezkatzeko lanak.
- Baranda berriak.
- Uholdeen aurkako horma mugikorrak Zerkausian.
- Proiektuaren justifikazio eta onurak.
- Proiektua zein fasetan dagoen momentu honetan.
- Aurreikusitako obren hasiera data.
- Lanen iraupena eta faseak.
- Obrak iraun bitartean oinezko eta trafiko fluxuak bideratzeko hartuko diren neurriak.
- Aurreikusitako jardueren aurrekontua.
Proiektuaren dokumentazioa URAren webgunean dago eskuragarri.