Herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanak egingo ditu Tolosako Udalak

Joanes Imaz Akizu 2023ko mar. 7a, 14:01

Tolosak hainbat eskultura ditu herriko kaleetan banatuta. Urteen poderioz eta egoera klimatologiko eta bestelakoen ondorioz baina, obra horiek narriatu egiten dira.

Hori horrela, eskultura horien balorea aintzat hartuta, guztien egoera ona mantendu eta iraunkortasuna bermatze aldera, Tolosako Udalak herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanak eramango ditu aurrera datozen hilabeteotan.

Fase ezberdinak

Eskulturen garbiketa eta zaharberritzea, baina, adituei dagokien gaia da, ezinbestekoa baita, lanak aurrera eramateko garaian, eskulturaren izaera, ezaugarriak eta materialak errespetatu eta bere horretan mantentzea. Hori horrela izanik, lanak eskulturagintzan adituak direnek egingo dituzte eta faseka garatuko dira.

Lehen fasean, esaterako, Juan Loperen “Homenaje al baserritarra”, Koldobika Jauregiren “Kantu ixila IX” eta Eduardo Chillidaren “Lizardiren leihoa” eskulturak izango dira zaharberrituko direnak. Lehena Poeta Lizardin dago kokatuta, Koldobika Jauregirena, halaber, Zabalarreta parkean dagoen harrizko pieza da eta Eduardo Chillidaren eskultura Aranburu Jauregiaren aurrean dagoena da.

Egingo diren esku-hartzeen bitartez, eskulturetan urteen poderioz jasandako narriadurak garbitu eta obren jatorrizko itxura berreskuratuko dira. Horretarako eskuz kenduko dira zikinkeria, zementu-hondarrak, gorotzak, likenak edota pintura-hondarrak, eskulturen harria eta materiala hondatzen ez dituen material eta produktuekin.

Zaharberritze lanek bi hilabete inguruko iraupena izango dute, betiere baldintza klimatologiko egokiekin eta erabilitako materialak behar bezala lehortzeko denborak errespetatuz.

 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean