Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak ostatu sare turistiko bat bultzatuko dute, lurralde osoan zehar turismo fluxuak modu bidezkoagoan sustatzen jarraitzeko

Maialen Bastarrika Luengo 2026ko maiatzaren 19a

Azahara Domínguez diputatua, ostatuekin izandako lehen topaketan Orendainen. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Azahara Domínguez diputatuak eta Ane Ruiz Gipuzkoako Ostalaritzako zuzendari exekutiboak Gipuzkoako ostatuekin lehenengo topaketa egin dute Orendainen.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak urrats bateratua eman dute Gipuzkoako barnealdea indartzen jarraitzeko, ostatu sare turistiko bat sortuz, alde batetik, barnealdeko eskualdeen balio eta erakargarritasun gastronomiko eta turistikoa indartzeko, eta, bestetik, establezimendu horiek denboran zehar iraun dezaten laguntzeko.

Adierazi dutenez, lurraldeko ostaturekin elkartu dira Domínguez eta Ruiz Orendainen, eta ostatu sare turistikoa martxan jartzeko "hasierako urratsa" da hori. Ostatuek hartzen dituzten udaletako ordezkariek eta Goierri eta Tolosaldeko turismo arduradunek ere parte hartu dute topaketan.

 "Lehen topaketa honek ikuspegiak partekatzeko, helburuak lerrokatzeko eta Gipuzkoako ostatuen lehen sare turistikoa eraikitzen hasteko balio izan du, helburuak lerrokatzeko eta estrategiak bateratzeko, azaldu du diputatuak. Azpimarratu duenez, "helburua ez da turistei establezimendu horiek ezagutaraztea bakarrik, baizik eta gipuzkoarrok lurraldean zehar mugitzea eta haietaz gozatzea".

‘Zatoz eta zaindu’ estrategia turistikoa

Azahara Domínguezek azaldu duenez, ekimena "Zatoz eta zaindu" estrategia turistikoaren parte da. Estrategia horrek eredu turistiko bat bilatzen du, iraunkortasunean, errespetuan eta zaintzan oinarrituko dena, bai Gipuzkoarekikoa, bai hori posible egiten duten pertsonekikoa eta hemen bizi garenekikoa.

Ildo horretan, ostatuen papera nabarmendu du, "funtsezko eragileak baitira udalerri txikien gizarte-dinamizazioan, baina baita bisitarien harreran, tokiko nortasunaren transmisioan eta lurralde-kohesioa indartzean ere". Era berean, tokiko erakunde, establezimendu eta eragileen artean elkarlanean lan egitearen garrantzia azpimarratu du, "turismo eredu partekatu, sendo eta iraunkorra eraikitzeko".

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA