Eltxo Trailen izena emateko epea ireki dute

Joanes Imaz Akizu 2025ko ira. 4a, 15:17

Urriaren 18an egingo den Orendaingo mendi lasterketan 7 eta 21 kilometroko probek osatuko dute. Rockthesport.com webgunean dagoeneko hasi dira korrikalarik izena ematen. 

Eltxo Trailen IX. edizioa urriaren 18an egingo da Orendainen. Mikel Garmendia Memorialak aurten ere bi proba izango ditu, 7 kilometrokoa eta 21ekoa. Mendi lasterketa hauetan parte hartu nahi duenak, dagoeneko irekita du izena emateko aukera, rockthesport.com webgunea erabili behar da horretarako. Proba motzean parte hartzeko , 20 euro ordaindu beharko dira eta luzea egin asmo duenak berriz 25. Dortsalak aurrez agortzen ez badira, urriaren 17an, lasterketaren bezperan, 17:00etan bukatuko da apuntatzeko epea. 

Ibilbideetan aldaketarik ez

Eltxo Trail-en ibilbide luzea Ibiur urtegiaren inguruan egiten da.  Gaintzatik eta Baliarraindik pasatzen dira korrikalariak. 20,7 kilometro eta 732 metroko desnibel positiboa du ibilbideak. Lasterketa motzak berriz, 7,25 kilometroan 309 metroko desnibel positiboa. Mendi lasterketan hasiberri direnei zuzendutako proba da hau.

Iazko edizioan, Adrian Pajares eta Norah Muzas izan ziren azkarrenak ibilbide motzean; luzean berriz, Hodei Lujanbio eta Oihana Kortazar. 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA