Amaroztik Txaramara doan egungo bizikletentzako eta oinezkoentzako erreia luzatuko da, GI-2135 errepideko 2+020 kilometro-punturaino. Horrez gain, urbanizazio-lanetan, drainatze-sisteman eta zerbitzuetan hobekuntzak egitea aurreikusten dute.
Obren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 631.253,94 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko epea bost hilabetekoa. Finantziazioari dagokionez, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak 245.896,69 euroko laguntza emango du. Lanak 2025eko azken hiruhilekoan hastea eta 2026ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusten da.
Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatu Felix Urkolak jarduera honen garrantzia azpimarratu du: «Proiektu honekin Txarama eta Tolosa modu seguru eta iraunkorrean lotzeko funtsezkoa den bizikleta eta oinezkoen ibilbide bati jarraipena ematen diogu, eta, aldi berean, trafiko intentsitate handia jasaten duen zeharbide baten bide segurtasuna hobetzen dugu. Elkarlanak gipuzkoarren eguneroko mugikortasuna errazten duten hobekuntzei bultzada nola ematen dien erakusten duen adibide bat da». Gainera, «lurralde kohesioa Gipuzkoako gakoetako bat da, eta horrek esan nahi du baita ere herri txikienek ongizatean eragiten duten azpiegitura seguruak eta kalitatezkoak izango dituztela bermatzea.
Joxe Ramon Eizagirre, Leaburu-Txaramako alkateak erantsi duenez, “aktuazio honen bidez, leku publiko berriak irekitzen dira oinez eta bizikletaz mugitzeko, bai auzoan zehar ibiltzeko bai Tolosara joateko. Honek, auzotarren arteko harremanak estutuko ditu eta auzoari bizitasuna emango dio”.