Asensio diputatuak doako karga elektrikoaren lehen sarea inauguratu du Larraulen
Ingurumen diputatuak eta Larraulgo alkateak karga elektrikoko Larraulgo estazioa bisitatu dute. Karga % 100 berriztagarria izango da eta 0 kilometrokoa, udalerriko tokiko energia komunitateak hornituko baitu. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 580.000 euro bideratu ditu Gipuzkoako 21 udalerritan auto elektrikoak kargatzeko lehen doako sarea jartzeko.
José Ignacio Asensio: “Energia garbia eta mugikortasuna energia-trantsizio bidezkorako funtsezko elementuak dira, eta garapen jasangarriko eredu berriak sustatzea da Gipuzkoaren lehentasuna. Gure lurraldean, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio-iturri nagusia garraioa da. Eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa da trantsizio ekologikoan aurrera egiteko eta herritarrek onurarik handiena lortzeko”.
Larraulgoa izan da lehen estazioa baina eskualdean beste hainbat ere jarriko dira: Abaltzisketa, Alegia, Alkiza, Amezketa, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Elduain, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza eta Zizurkilen, besteak beste.
Bestalde, Larraulgo alkate Maite Aranak adierazi duenez, “hau da Larraulgo Udalak mugikortasun eta iraunkortasun gaietan hartutako konpromisoaren adibide garbia”. Era berean, Aranak nabarmendu duenez, “Larraulgo TEK proiektua herritarrei zabaltzen die, udalerriko autokontsumorako energia komunitatearen partaide eta onuradun bihurtuz”.