Eskaera hau herritarren artean oso partekatua da, eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren erantzun positiboa jaso du. Urkullu lehendakariak, bere garaian, eta egungo Pradales lehendakariak publikoki adierazi dute Tolosarako eta Tolosalderako proiektu estrategiko horrekin duten konpromisoa.
Alberto Martínez Osasun sailburua hainbat aldiz izan da gure udalerrian, eta aurrerapenak nabarmenak izan dira. Osakidetzak dagoeneko onartu ditu ospitalearen plan funtzionala eta eraikuntza-proiektuaren idazketa, eta, gainera, hori gauzatzeko beharrezko finantzaketa bermatu du.
Ospitalearen eraikuntzak eskualdearen helburu historiko bati erantzuten dio: Osakidetzan erabat integratutako osasun-zentro bat izatea, euskal osasun-sistema publikoak zuzenean kudeatua eta Gipuzkoako asistentzia-sare aurreratuenarekin eta Donostiako Unibertsitate Ospitalearekin konektatua.
Etorkizuneko ospitaleak zerbitzu-zorro zabala eskainiko du, osasun-arreta integrala, hurbila eta kalitatezkoa bermatzeko. 50 kanpo-kontsulta, kirurgia txikiko hiru gela eta espezialitate medikoak (kardiologia, neurologia, ginekologia, traumatologia edo barne-medikuntza, besteak beste) izango ditu. Halaber, erradiodiagnostikoko zerbitzu moderno bat izango du, erresonantzia magnetikoa, TAC, ekografia eta erradiologia konbentzionala izango dituena.
Instalazioek honako hauek ere izango dituzte: lau ebakuntza-gela, endoskopia-unitatea, eguneko ospitale medikoa, laborategia, farmazia, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta larrialdietako basea. Ospitaleratzeari dagokionez, 90 ohe izango ditu, hainbat laguntza- unitatetan banatuta. Gainera, larrialdietako zerbitzu bat izango du, triajerako, kontsultetarako, behaketarako eta suspertzeko gunearekin.
Herritarren gehiengo zabal batek pozik hartu du proiektu hau, oso errotuta dagoen aldarrikapen bati erantzuten diolako. Interes orokorraren arabera proiektua aurrera egiten ari zela zirudienean, EH Bildu ezusteko jarrera aldaketa batekin azaltzen da. Orain zalantzan jartzen dute orain arte defendatzen zutena. Aurrerapentzat zeukatena, gaur egun badirudi ez zaiela balio.
Izan ere, eskualdeko alkate batzuk etorkizuneko Tolosako Ospitale Publikoa "zentro soziosanitario" soil gisa aipatzen hasiak dira. Erabilitako hitzek beti daukate atzean intentzio bat. Proiektuaren eraikuntza eta finantzaketa publikoa bermatuta daudenean, berriz ere konfrontazioaren alde egiten dute. Badirudi, helburua, bideratuta zegoen eztabaida bat irekita mantentzea dela, eta osasuna bezalako gai garrantzitsu bat higadura politiko eta elektoraleko tresna bihurtzea.
Paradoxikoa da Tolosa eta Tolosaldeko eskaera historiko bat konpontzetik zenbat eta gertuago egon, orduan eta gehiago ahalegintzea batzuek gatazka elikatzen. Konponbidea zenbat eta hurbilago egon, orduan eta erosoago sentitzen dira sektore jakin batzuk etengabeko polemikan.
EH Bilduk etorkizuneko ospitalearen aurkako higadura kanpaina bati ekin dio, dokumentazio ofizialean agertzen ez diren terminoetara joz eta Tolosako anbulatorioaren etorkizunari buruzko funtsik gabeko zalantzak sortuz. Helburua argia dirudi: herritarren artean ziurgabetasuna eta mesfidantza sortzea. Kezkagarriena da estrategia horrek kalte egin diezaiekeela Tolosari eta eskualde osoari.
Aukera historiko bat daukagu esku artean Tolosaldeari ospitale publiko moderno bat emateko, Osakidetzan erabat integratua eta gure herritarren egungo eta etorkizuneko osasun-beharrei erantzuteko prestatua. Gure konpromisoa irmoa da. Proiektu hau blokeatzen edo atzeratzen saiatzen direnen aurrean, lanean jarraituko dugu Osakidetzaren eskutik, Tolosako Ospitale Publiko berria lehenbailehen errealitate izan dadin.