Jakin berri dugu Euskadiko KEAO-k (Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak) baliogabetu egin dituela Tolosako kirol instalazioak kudeatzeko EH Bildu-k onartutako lizitazio berriaren pleguak. Zehazki, KEAO-k "Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketa" izeneko kontratuaren pleguen aurka errekurtsoak jarri zituzten 2 erakundeen alde ebatzi du, eta Tolosako Udala 2023ko azaroan abian jarritako lizitazioa bertan behera uztera behartu du.
Lizitazio hori 2023ko azaroaren 14an egindako Ez-Ohiko Osoko Bilkuran eztabaidatu zen. Bilkura horretan, kontratu berriaren pleguak eztabaidatzeaz gain, EH Bildu-ko Udal Gobernuak Tolosako kirol-instalazioen kudeaketa integralerako BPXPORT-ekin indarrean dagoen kontratua alde bakarrez deuseztatzeko prozesua abian jartzea onartu zuen. Gogorarazi nahi dugu 2022ko irailaren 1ean sinatutako administrazio-emakidako kontratua dela, eta lehenago deuseztatzen ez bada, 10 urteko indarraldia duela.
Tolosako Udaleko EAJ Udal Taldeak, eta KEAO-ren erabaki honi buruz EH Bildu-ren Udal Gobernuak emandako informazioaren aurrean, tolosar guztiekin hausnarketa batzuk partekatzeko betebeharra ikusten dugu:
- 2023ko azaroko Ez-Ohiko Osoko Bilkuran kontratuaren pleguei buruz azaldu eta adierazi genituen zalantzek oinarri bat zuten. Izan ere, jarritako 2 errekurtsoetatik, biak partzialki onartu dira. KEAO-k arrazoia eman die Tolosako Udalak kontratua emateko lizitazioaren esparruan jasotako proposamenak nola ebaluatu eta baloratu nahi zituen zalantzan jarri zuten 2 erakundeei.
- Bi errekurtso hauen estimazioak lizitazio hori ezeztatzera behartzen du Tolosako Udala, eta berriz ere irteera tokian kokatzen gaitu, leku berean, baina 6 hilabete beranduago.
- Dagoeneko urtebete eta 7 hilabete igaro dira BPXPORT enpresarekin kontratua sinatu zenetik; 19 hilabete, enpresa horrek 2022ko irailaren 1ean Tolosako kirol instalazioen kudeaketa integrala bere gain hartu zuenetik. Orain arte egindako inbertsioak hutsaren hurrengoak dira, nahiz eta sinatutako kontratuak 1.859.851,66 euroko inbertsioak egitera behartzen duen enpresa, kontratuaren indarraldiko 10 urteetan zehar.
- Instalazioetako inbertsioak premiazkoak dira, kezkatzen gaituzte (egiten ari ez direlako) eta EH Bildu-ren Udal Gobernuak haiek gauzatzeko eskatu behar dio enpresari: Berazubiko tenis pisten egoera, Usabal futbol zelaiko itxitura sareen egoera edo Berazubi eta Usabal gimnasioetako makina askoren egoera txarra ikustea besterik ez da behar, adibide batzuk jartzearren eta gaiaren premia ulertzeko.
- Eta azkenik, BPXPORT-i eta EH Bilduren Udal Gobernuari gogorarazi nahi diegu kontzesio-kontratuak Usabalgo plantillan kudeatzaile bat izatera behartzen duela koordinazio orokorreko lanetarako (giza taldearena eta udal kirol instalazioena). Aste dexente dira jada gerentziarik ez dagoela, eta udako denboraldiaren bezperan gaude. Gai horri lehenbailehen heldu behar zaio.
Laburbilduz, irteera tokira itzuli gara (2023ko azaroaren 14ra), baina 6 hilabete beranduago, premiazkoak diren eta egin ez diren konprometitutako inbertsio batzuekin, eta 2020ko lan-baldintza berak dituen giza talde batekin.
Pozten gaitu Tolosako Udalaren eta enpresa emakidadunaren arteko konpondu gabeko gatazka distentsio eta elkarrizketa bidean sartu izanak, EAJ-k beti aldarrikatu duen bezala. Baina, aldi berean, BPXPORT-ek 2022ko irailaren 1ean sinatutako kontratuan hitzartutako inbertsioak egin behar dituela uste dugu. Udal talde honek kontratua era lagunkoi batean suntsitzea babestuko dugu, betiere akordioaren baldintzek tolosarren interesei kalte egiten ez dien bitartean.