Tolosako EAJk 2024ko udal aurrekontuen aurka bozkatu du EH Bilduko Udal Gobernuaren adostasunerako borondate ezaren ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako EAJ-PNV 2024ko urt. 10a, 10:43

EAJk Udal Gobernuari helarazi zizkion 12 proposamenetatik bakarra txertatu da aurrekontuetan

Harriduraz irakurri du azken egunetan Tolosako EAJk, tokiko prentsan Udal Gobernuak oposizioak egindako 12 proposamenak “begi onez” ikusten zituela adierazten zuenean, helarazitako 12 proposamenetatik bakarra txertatu baitzen pasa den abenduaren 28ko Ohiko Osoko Bilkuran onartu ziren 2024ko Tolosako Udal aurrekontuetan.

Hasiera batetik, Udal Gobernuak ez du inongo borondaterik izan aurrekontuak oposizioarekin negoziatzeko eta hitzartzeko. Txertatutako proposamen bakarra, gainera, mozio bitartez eta aho batez onartutako “Tolosako zaintza sistemaren diagnostiko erreala eta osatua egitea, eta horri erantzungo dion zaintza plan feminista eta integral bat osatzea” izeneko ekimena izan da; derrigorrezkoa zen ekimen hau aurrekontuetan txertatzea, ez baita zilegi mozioen bitartez eragileen aurrean konpromezuak hartzea eta gero hauek aurrekontuetan ez islatzea. Praktikan, beraz, proposamen bat bera ere ez zaiola onartu argi eta garbi ikusten du Tolosako EAJk, eta jarrera honek, aurka bozkatzera eraman du udal talde jeltzalea. “Begi onez” ikusi bai, herriaren aurrean solasteko prest azaldu, baina negoziatzeko eta hitzartzeko egiazko borondaterik ez.

Tolosako EAJ ez dago Udal Gobernuak aurreikusten dituen aparkalekuena bezelako plan eta azterketa integralen aurka, baina ez luke nahi hauek aitzaki bezala erabiltzea erabakiak ez hartzeko; jadanik hartu daitezkeen erabakiak egon badaudelako, azterketa berri gehiegitan dirua eta denbora galdu gabe. Era berean, auzoetako inbertsioei dagokienean, eta erabaki zailak diren neurrian, proiektuak lehenesteko orduan irizpide argiak ipin ditzala eskatu dio Tolosako EAJk Udal Gobernuari.

Esan bezala, EAJko udal taldeak 12 proposamen egingarri eta zentzuzko ipini zituen mahai gainean 2024ko aurrekontuei begira: Santa Clarako eremu osoari begira azterketa sakon bat (Zumardi Txikia herritarrentzat berreskuratzeko alternatiba zehatza, kalearen irisgarritasun arazoak konponbidean ipintzeko lanak, etb.); Alondegia eta Lapurdi plazetan hutsik dauden lurrazpiko aparkalekuentzat udal plangintza bat kotxeak kaleetatik ateratzeko asmoz; gutxieneko eskuhartze bat San Esteban auzoko Ferialekuan, bertan garatzen diren kirol eta kultur jarduerei duintasun handiagoa eskaintzeko (aldagelak eta dutxak); Iurre auzoko plazak berroneratzeko partida bat aurreikustea aurtengo aurrekontuetan. Lau proposamen hauek, bakar batzuk aipatzearren, onartu ez diren proposamen horietako batzuk dira.

Edozein kasutan, 2024ko aurrekontuen aurka bozka eman duen arren, Tolosako EAJk ez du adostasunerako bidea irekitzeko itxaropenik galtzen eta elkarlanean aritzeko borondatearekin jarraituko dutela adierazi dio Udal Gobernuari, hori bai, jarrera aldaketa bat eskatuz.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean