Urkulluk iragarri du Tolosaldeko Ospitale berria “abian” dela eta “Larrialdiak, 18 espezialitate eta 72 ohe arte” izango dituela

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako EAJ-PNV 2023ko mai. 21a, 16:58

Lehendakariak duela sei hilabete bere Gobernuak hartutako konpromisoa berretsi du Tolosan, eta etorkizuneko osasun-zentro publikoaren Plan Funtzionala joan den ostiralean Udaletxean erregistratuta geratu zela jakinarazi du

Iñigo Urkullu Lehendakariak iragarri du Tolosaldeko Ospitale berria “abian dela”, joan den ostiralean Tolosako Udalean bere Plan Funtzionala erregistratu eta Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko behar duen inbertsioa bermatu ondoren. EAJ-PNVk asteazkenean Tolosan egin zuen ekitaldi politikoan, Urkulluk gogorarazi zuen bera buru duen Jaurlaritzak duela sei hilabete iragarri zuela Tolosaldearekiko konpromiso hori, baina konpromisotik ekintzetara igaro da, zehaztu duenez “osasun-zentro publiko berriak eskualdeko Ospitaleen egitura bera izango du eta 18 espezialitate mediko eta kirurgiko izango ditu, besteak beste, Kardiologia, Errehabilitazioa, Osasun Mentala, Tokoginekologia edo Traumatologia”. Ospitaleak 17.000 metro karratu baino gehiago izango ditu, eta 72 ohe arte izango ditu, “larrialdiak, ospitalizazio medikoa, etxeko ospitalizazioa, eguneko ospitalea eta kanpo-kontsultetako arreta espezializatua”, beste hainbat espezialitateen artean.

Txalo zaparrada beroa eman zitzaien Urkulluren hitzei Tolosako Triangelua Plazan alderdikide eta alderdizale ugariren aurrean EAJ-PNVk egin zuen ekitaldian. Hitza hartzen lehena izan zen alkatetzarako hautagai Xarles Iturbe, eta bere hitzetan ohartarazi zuen Tolosak maiatzaren 28an jokoan izango duela “zer eredu mota nahi duen". "Tolosa bizia defendatzen dugu, anitza, berdintzailea eta jasangarria, ekonomikoki aurrerakoia, kalitatezko enplegu aukerak eta gure gazteei etxebizitza aukera berriak emango dituena” ,“ batzuek irudikatzen duten Tolosa ilun eta desitxuratuaren aurrean”. Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibarrek gogora ekarri zuenez, EAJ-PNVk “iragan eta orainaldi eraikitzaile eta trasformatzaileak ditu”, beste alderdi politikoek “kredentzial hori nekez aurkeztuko luketen bitartean”. Ekitaldiari amaiera emateko hitzak esan zituen Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak. Mendozak ohartarazi zuen gipuzkoarrek maiatzaren 28an erabaki beharko dutela “programarik gabe eta Photoshop askorekin” aurkezten diren alderdien eta EAJ-PNVren artean, “filtrorik gabe baina programa sendo batekin aurkezten dena, pertsonen ongizaterako bidean aurrera egiten jarraitzeko”.

Lehendakariak erakundeen arteko lankidetza balioan jarri zuen, ospitaleaz gain, Tolosan proiektu gehiago abian jartzeko aukera eman baitu: “proiektu eta ekimen oso garrantzitsuak jarri ditugu martxan, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egindako lanari esker: ELIKER Kalitatezko Elikaduraren Zentroa, Zuloaga errefuxiatuentzako zentroa, Aholku Sarearen bulegoa, TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa, Orixe Institutu berria edo gazteei aukera berriak eskaintzeko Lanbide Heziketako programak garatzeko egindako inbertsioa”, besteak beste. Era berean, Urkulluk nabarmendu zuen, historian lehen aldiz, Euskadin milioi bat pertsona baino gehiago ari garela lanean. “Ehun ekonomikoa, ekintzaileak, langile eta enpresariak, autonomoak, kooperatibak, gizarte-ekonomiak, industria, zerbitzuak, merkataritza, lehen sektorea… erakundeekin batera, denok helburu beraren alde lanean, Euskadiren etorkizuna eraikitzen. Emaitzak hobetzen jarraituko dugu. Lan aukera berriak sortzen jarraituko dugu. Hori baita gure lan egiteko era”, esan zuen.

“Aurrera egiteko: oinak lurrean, burua argi, besoak zabalik, eskuak lanean, euskara ahoan eta herria bihotzean”. Horrela laburbildu zuen Joseba Egibarrek EAJren herrigintza. “Politika egiteko oinak lurrean eduki behar dira, badakigulako amets zoroekin ibili direnak nola bukatu duten”, adierazi zuen. Zentzu horretan, bide politiko eta demokratikoen garrantzia azpimarratu zuen. “Buru argiari” dagokienez, “erakundeetan ardurak hartu aurretik, proiektuen inguruko hausnarketa, eztabaida egin behar da gero garatu ahal izateko”, azaldu zuen. Erakundeen arteko lana da EAJ-PNVren herrigintzaren beste gakoetako bat. Horregatik, “besoak zabalik” izateko deia erantzunkidetasunez jokatzeko. “Eta, noski, eskuak lanean, inspirazioak lanean harrapa gaitzala; eta EAJ-PNV beti aurkituko duzue lanean”, gaineratu zuen. “Ezker abertzaleak erakusten duen amnesiaren aurrean memoria aplikatu behar da, eta agertzen duten adanismoaren aurrean, herri honen nazio eta gizarte eraikuntzaren errealitatea”, gaineratu zuen. Egibarrek azpimarratu du “ibilbide demokratiko luzea” dagoela herrialde honetan. Azken lau hamarkada eta erdietan, “EAJ hor egon da eguneroko aberrigintzan, egunero, egunero”, aldarrikatu zuen. “Batzuek eraikitzen genuen bitartean, beste batzuek ez zuten hori egiten, hain zuzen ere”, gaineratu zuen. “Guk badaukagu iragan eta orainaldi eraikitzailea, eta beste batzuek nekez aurkeztu dezakete kredentzial hori“, ondorioztatu zuen. “Euskara ahoan euskaldun egiten gaituelako”, jarraitu du, “eta bihotzean dugu gure herria, euskal hautetsi bezala, Euskadi gure aberriaren alde lan egiten dugulako”, adierazi zuen.

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaia den Eider Mendozak, mobilizaziora deitu zuen datorren maiatzaren 28ko hauteskundeei begira, eta adierazi zuen bi aukera daudela: “Batetik, programarik gabe eta Photoshop-arekin aurkezten diren alderdiak. Eta bestetik EAJ-PNV, filtrorik gabe, baina programa sendoarekin eta denon ongizatea helburu duena”. Honela, esan zuen “katastrofismoaren aurrean”, Gipuzkoarentzat proposatzen duena “ilusioa, indarra eta kemena” direla, “eta konfiantzarekin, arazoei aurre egiteko”. “Izan pandemia, inflazioa, etxebizitza, osasun zerbitzua edo funtzionatzen ez duen trena”, azpimarratu zuen. Gaineratu zuenez, aurreko belaunaldiak “okerragoak ere gainditu” zituzten, eta “guk ere egingo dugu, herri honetan beti egin izan den bezala, EAJ-PNVren eskutik”.

Tolosako alkategai jeltzale Xarles Iturbek ziurtatu zuenez, “maiatzaren 28an Tolosak zein herri eredu nahi duen erabakiko du. Guk, Tolosako Euzko Alderdi Jeltzalea osatzen dugunok, argi dugu zer nolako herria nahi dugun: Tolosa bizia, anitza, abegitsua, berdinzalea eta jasangarria. Ekonomikoki oparoa, kalitatezko enplegu aukerak eskainiko dituena. Gure gazteei etxebizitza aukera berriak eskainiko dizkiena, herritarren ongizatea eta zaintza erdigunean jarriko dituena, inor atzean utzi gabe. Garenaz harro dagoen Tolosa, euskalduna eta euskaltzalea, kirolzalea. Memoria duen herri bat. Hori da, zalantzarik gabe, nahi dugun Tolosa. Gure bideorri zehatza dugu, hamaika proiektu ditugu Tolosa aurrerabidean jartzeko, apustuak egiten jarraitzeko eta Euzko Alderdi Jeltzalearen lanari jarraipena emateko. “Azkenaldian, bakar batzuk Tolosa ilun eta desitxuratu bat marrazten saiatzen dabiltza”, deitoratu zuen Iturbek, baina “hori ez da guk aldarrikatzen dugun Tolosa. Ez gara Tolosa horretan isladatuak sentitzen. Guk, desesperantzaren eta diskurtso katastrofisten aurrean: jarrera eraikitzailea eta entzuketa etengabea. Debaldeko liskarren aurrean: apustu sendo eta egingarriak. Adanismoaren eta paralisi estrategien aurrean: eguneroko esfortzua, lan isila eta serioa. Hori da gure eredua, hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen egiteko modua“, amaitu zuen Iturbek.

Entzun asteazkeneko MITIN NAZIONALEKO hizlari guztiak HEMEN 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean