EAJk apustuak egiten jarraitu eta Tolosa aurrerabidean jartzeko programa aurkeztu dugu

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako EAJ-PNV 2023ko mai. 11a, 19:59
  • Kalitatezko enpleguaren alde, lan aukera berriak sortu eta jarduera ekonomiko sustatzearekin batera, etxebizitza alorra lehentasunezkoa izango da tolosarrek Tolosan bizitzeko aukera izan dezaten.
  • Gizarte Babesa programaren beste zutabe nagusietako bat izango da, arreta berezia jarrita adineko pertsonengan eta gazteengan.
  • Aurrera begirako 10 apustu estrategiko azpimarratu ditu Xarles Iturbe alkategaiak, besteak beste, ospitale publiko berria Tolosan, aparkaleku alternatiba berriak, Zumarditxikia herritarrentzat berreskuratzea, berdegune eta arnasgune berriak sortzea, Alde Zaharra biziberritzeko plan berezia egitea, Tolosa txukun eta garbia sustatzea eta trantsizio energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko apustuan jarraitzea.

Xarles Iturbe Tolosako EAJren alkategaiak hauteskunde programa aurkezpena egin du gaur Batzokian, hautagaitza taldeko kideekin batera. Hilabeteetan zehar burututako eta hautagaiarekin kafe bat hartu eta hitzartzeko aukera eskaini duen #izanTOLOSA entzute ariketari keinu eginez, eta haren itzultze-ariketa modura, kafe tertulia bitartez azaldu dute denbora honetan zehar eta herritarren eta taldeen eskari eta beharrak barnebilduz osatutako programa.

Lehenik eta behin, zer nolako Tolosa nahi duten zehaztu du alkategaiak: “Etorkizuneko erronkei sendotasunez erantzuteko gai izango den Tolosa bat nahi dugu, bizia, pertsonak erdigunean kokatzen dituena. Ekonomikoki oparoa, herritaren ongizatea eta zaintza erdigunean jarriko dituena, tolosar oro babesteko, garenaz harro dagoen Tolosa. Herri nortasunari lotuta: kulturalki bizia, euskalduna, berdinzalea, abegitsua eta kirolzalea. Ingurumena zaintzen duen Tolosa, berdea eta jasangarria eta elkarlana oinarri hartuko duena”.

“Gure helburu nagusia da Eusko Alderdi Jeltzaleak urteetan egindako lanari jarraipena ematea. Tolosak behar duelako erabakitasuna. Behar duelako aurrera egiten jarraitzea. Behar du gobernu sendo bat, herri proiektu sendo batekin”, nabarmendu du Iturbek eta horretarako, “hamaika proiektu” aurkeztu dituzte. “Apustuak egiten jarraitzea ezinbestekoa da Tolosa aurrerabidean jartzeko”, gaineratu du.

Gizarte ongizatea eta garapen ekonomikoa: txanpon beraren bi aldeak

Alkategaiak nabarmendu bezala, “gizarte ongizatea eta garapen ekonomikoa txanpon beraren bi aldeak” dira. Zentzu horretan, kalitatezko enpleguaren alde eta jarduera ekonomikoa sustatzeko, besteak beste, Apatta industriagunearen bigarren fasea aurrera eramango dute, ELIKERen eskutik lehen sektorea eta industria agroalimentarioa indartuko dituzte, larunbateroko azokaren modernizazioa sustatuko dute eta merkataritza eta ostalaritza bultzatu dirulaguntza eta programen bidez. Halaber, turismoaren bitartez Tolosa helmuga turistiko erakargarria izan dadin lan egingo dute eta EMARI ekintzailetzaren erreferentziazko gune gisa sendotuko dute. Bestalde, Iturbek aurreratu bezala, etxebizitza aukera berriak ere bermatuko dituzte, bereziki gazteek beren bizitza proiektua Tolosan garatzeko: “Gure apustua da, etxebizitza aukera berriak sortzea, alokairuaren eta etxebizitza babestuaren alde.  Sei egitasmo zehatz azaldu ditu: Amarotzen etxebizitza babestuak alokairuan (111 lehen fasean, 185 bigarren fasean. Eremu osoan %65 babestuak alokairuan); Iurramendiko eremuan, 15 etxebizitza babestu alokairuan, etxebizitza eredu berrien azterketa eginez; etxebizitza hutsak alokairu babestuan jartzea ere lan lerro garrantzitsua izango da; alokairu ordainketa errazteko dirulaguntza momentuan momentuko beharretara egokituko da kolektibo guztiei laguntza bermatzeko; etxebizitza bulegoa indartuko da UDATEn eta etxebizitza berrien sustapena ere bultzatuko da: Miserikordia Zaharrean eta San Estebanen, esaterako.

Gizarte babesa: adineko pertsonak eta gazteak erdigunean

Iker Uson taldeko kideak gizarte babesa izan du hizpide: “Biztanleriaren zahartzea lehen mailako erronka da. Horregatik, herritar guztien ongizatearen alde lan egingo dugu, arreta berezia jarrita adineko pertsonengan eta baita ere gazteengan”. Hala, Gizarte Zerbitzuen mapan jasota dauden eta azken urteetan indartu diren zerbitzu eta prestazio guztiak herritarrengana gerturatuko dituzte. Bestalde, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko estrategia bateratuak sustatuko dituzte, erakundeen arteko lankidetzatik, esaterako, bakardade egoerei aurre egiteko. “Zaintza eredu berrien aldeko apustua egingo dugu, eta prebentzio alorrean lanean jarraitu lanketa berezia eginez gazte eta nerabeekin, indarkeria sexistari eta adikzioei aurre egiteko. Herritarren ongizate emozionalak ere arduratzen gaitu, horregatik, komunitatea sendotzeko jarduerak eta zerbitzuak bateratuko ditugu”, aurreratu du Usonek.

Ainhoa Dominguezek berdintasunaren inguruko ardatzak eman ditu aditzera. Hala, ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea baliabide eta zerbitzuez hornituko dute, indarkeria matxistaren aurka borrokan jarraituko dute eta LGTBIQ+ kolektiboarekin elkarlana sustatuko dute. Leire Zubeldiak, berriz, kultura eta kirol arloko proiektu nagusienen berri eman du. “Kultur ekimena eta sormena sustatuko ditugu eta kultur azpiegituren berrantolaketa abiatu liburutegi berriaren proiektua errealitate bihurtu ahal izateko, Euskararen Etxea sortzeko Iturritza Jauregian, Artearen Etxea ere bai eta gazteentzako gunea Abastosen, Topagunea zerbitzua handitzeko eta urteko egun guztietan zabalik egongo den Ikasgela sortzeko”, adierazi du. Kirolari dagokionez, kirol azpiegiturak indartu, kirol anitzak sustatu, emakumezkoen kirolari ikusgarritasuna eman, mota eta adin desberdinentzako parkeak sortu eta eremu estali berriak sustatuko dituztela nabarmendu du Zubeldiak.

Biotza Agirrek, bere aldetik, Partaidetza arloan haur, gazte eta nerabeekin “begirune berezia” izango dutela aurreratu du,  Hala, besteak beste, Nerabeen Hiria sustatuko dute gazte eta nerabeak erabakiguneetan inplikatzeko. Partaidetza bide iraunkorrak ere sustatuko dira “herria, herriarekin batera eraikitzen jarraitzeko”.“Elkarlanean, gertutasunean, gardentasunean eta diru publkoaren kudeaketa zorrotz, eraginkor eta arduratsuan oinarritu dugu gure jarduna”, gaineratu du Agirrek.

Amaitzeko, aipatutako egitasmo eta proiektuez gain, 10 apustu estrategiko nabarmendu ditu  Iturbek:

  1. Ospitale publiko berria Tolosan.
  2. Aparkaleku alternatiba berriak sortzea, aztertuz, Santa Klara eremua eta Geltoki plaza, bertan lur azpiko aparkalekua eta intermodala sotzeko. Disuasioko aparkalekua eta lur azpiko aparkalekuen erabileraren optimizazioa.
  3. Zumarditxikia herritarren eskura jartzea.
  4. Berdegune eta arnasgune berriak: Iurramendin berdegune eta parke berria.
  5. Arkauten Euskal Mendizaletasunari buruzko museoa eta biodibertsitate gunea.
  6. Alde Zaharra biziberritzeko plan berezia: merkataritzari lotuta eta patio-etxadi bat berreskuratzea.
  7. Ondarearen babeserako, ekipamendu publiko-pribatuen erabilgarritasuna eta bideragarritasuna aztertzea, erabilera berriak aztertuz beren jabeekin: Santa Klara, Sakramentinoak, Telefonikako eraikina, azken honetan, adibidez, bizitokiak sortzeko aukera aztertuz.
  8. Kaleen zaharberritzearekin jarraitzea eta auzoz auzoko plangintza egitea auzotarrekin eta auzo elkarteekin. Tolosa atseginago eta irisgarriago baten alde, pertsonak eta oinezkoak erdigunean kokatuz.
  9. Tolosa txukun eta garbiagoa sustatzea: mantenu plangintza zehatzak auzoz auzo.
  10. Trantsizio energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko apustua eta mugikortasun eredu jasangarriagoen alde: komunitate energetikoak, eguzki plaken instalazioa, Energiaren Bulegoa edota bizikletaren erabileraren sustapena.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean