Joseba Egibar: “Tolosaldeako ospitale publikoa ez da asmoa, ez ametsa, errealitate izango da Eusko Alderdi Jeltzalearen eskutik”

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako EAJ-PNV 2023ko mai. 5a, 16:47

  • Xarles Iturbek, Tolosako alkategaiak azpimarratu du azken urteetan eskualdeko ospitale publikoa eraikitzeko inoiz eman diren pausorik eraginkorrenak eman direla alderdiak egindako apustu eta lanari esker eta bide beretik lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.
  • Joseba Egibar, GBBko presidentea: “Ospitale publikoaren aldeko apustua garbia, irmoa da eta Tolosan kokatutako da. Horren inguruan zurrunbiloa sortu nahi dutenak ere egon badaude. Ez direla konpromiso garbiak, iluntasuna soilik proiektatzen dugula… eta hori gezur borobila da”.

EAJ-PNVk agerraldia egin du gaur Osasun Publikoaren aldeko defentsan. Xarles Iturbe Tolosako alkategaiak, Olatz Peonek, eskualdeko hautagaiak eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak parte hartu dute egindako agerraldian.

Iturbek “lanean jarraitzeko konpromisoa” hartu du gaurkoan eta adierazi du azken urteetan eskualdeko ospitale publikoa eraikitzeko inoiz eman diren pausorik eraginkorrenak eman direla, Eusko Alderdi Jeltzalearen lanari, apustuari eta konpromisoari esker. “Eta datozen urteetan ere lanean jarraituko dugu; hori da gure konpromisoa; norbere eskumenetik, baina elkarlanean lan eginez, hori delako proiektua aurrera eramateko bide bakarra” adierazi du. “Beste batzuk aldiz egin den lan eta eman diren pauso guztiak auzitan jartzeko estrategiari heldu diote, osasuna alderdikeriaz erabiliz: guk ez dugu halakorik egin inoiz, ezta egingo ere, gure lan eredua eraikitzailea delako, elkarlanean oinarritua; eztabaida antzuetan erori gabe, lanean jarraituko dugu, Tolosan, eta ez beste inon, ospitale publikoa eraikitzeko”, berretsi du.

Olatz Peonek ospitale publikoak eskualdearentzat duen garrantzia azpimarratu du eta azken urteotako ibilbide eta mugarriak ekarri ditu gogora: “Asunción klinikaren kontzertazioa 90. hamarkadan eta egungo Osakidetzako antolaketa berriak, ahalbideratu dute, orain, Tolosaldeak ospitale publikoa izatea, zerbitzuen koordinazio eta funtzionamendu integralerako. Eusko Alderdi Jeltzaleak, azken urteetan, ospitale publiko berriaren aldeko apustuan, hainbat urrats egin ditu eta konpromisoa irmoa izan da”. Peonek azaldu duenez, lehenik eta behin, zoruen azterketa egin zen eta ospitale berria kokatzeko eremua zehaztu, Jaurlaritzarekin lankidetzan. Ondoren, Tolosako suhiltzaileen etxe pareko aparkalekuan ospitale publiko berria aurreikusi dezan indarrean dagoen HAPOAren, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa abiatu zen. Bien bitartean, Osasun Sailak Plan Funtzionala garatzen ari da eta dagoeneko aurrekontu partidak jasoak ditu proiektua egikaritzeko (2023an, 100.000 euro eta 2024ean, 500.000 euro).

Datozen urratsei dagokienean, Udalak lanketa urbanistikoa amaitzean zoruak Jaurlaritzaren esku utziko ditu, eta hitzarmena sinatuko da Tolosako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren artean, eta ondoren ekingo die Jaurlaritzak ospitalea eraikitzeko obra proiektuaren idazketari eta obrak esleitzeko lizitazioari. “Emandako hitza betetzen ari gara eta beteko dugu eta ibilbide orri zehatza dugu horretarako”, gaineratu du Peonek.

Amaitzeko, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, Tolosara “ibilbide bat konfirmatzera” etorri dela adierazi du. “Hemen hitz klabe bat dago: erakundeen arteko erantzunkidetasuna. Gure izaera eta gure jokabidea izan da beti publikoaren aldeko apustua. Ospitale berriaren aldeko apustua garbia eta irmoa da eta Tolosan kokatuko da. Hori izan da gure helburua eta pausoak eman ditugu, baita ere egun dagoen zerbitzua mantentzeko eta hobetzeko; pauso guztiek behar dituzte, baina, beren denborak”, gogoratu du Egibarrek. Gai honen inguruan “zurrunbiloa” sortu nahi dutenak ere egon badaudela gaineratu du: “Ez direla konpromiso garbiak, iluntasuna soilik proiektatzen dugula… eta hori gezur borobila da. Hauteskunde kanpaina atarian gaude eta batzuk nahiago dute pankarta baten atzean jarri eta herritarren borondate ona erabili aldarrikapenak egiteko”.  “Alderdiaren izenean esan nahi dudana da Legebiltzarrean gaudela eta aurrekontuak konprometitzen ere hasiak gaudela, beraz, Tolosaldeako ospitale publikoa ez da asmoa, ez ametsa, errealitate izango da Eusko Alderdi Jeltzalearen eskutik”, ziurtatu du Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean