Nik oraindik ez nioke esango, ilusioa itzaliko litzaioke”, edota, “polita da ipuin hori errealitate moduan bizitzea”… eta urtero, hurrengo urterako uzten dugu kontua. Jaiotza jartzen dugu, eta berari ere parte hartzea gustatzen zaio. Maria, Jose, astoa, idia, izarra, goroldioa… eta Jesus haurtxoa. Orain Olentzero ere jartzen du, denda batean figura bat erosi eta berak margotu ostean. Ez dago ondo margotuta, narrats samar dago, baina berak egina denez, denoi gustatzen zaigu hori ere jaiotzan jartzea.
Abenduko arratsalde motzetan, eguneroko paseoan, eskutik emanda parkerako bidean, begiak dir-dir jartzen zaizkio kaleko argiekin. Nik uste, egun hauen bueltan alaiago egoten dela. “Ze polita, ezta?”, botatzen du egunero. Amonaz oroitzen da: “berak ere maite zituen gabonak
Abenduaren 24ean, gaztetxoak etxera abestera etortzen direnean emozionatu egiten da:
Olentzero joan zaigu,
mendira lanera.
Intentziorekin ikatza egitera.
Aditu duenean, Jesus jaio dala,
lasterka etorri da
berri ematera”.
Eta bera ere, abesten hasten da. Ez da berez musika zalea, baina Eguberrietako kantak bereziki maite ditu.
Gauaren ostean, lehena izango da jaikitzen, eta etxeko guztiak esnatzen gaitu. “Etorri da, etorri da…”. Eta ordu gutxi lo eginda, baina bere ilusioarekin animatuta, jaikitzen gara denok.
Jesus ez omen zen abenduaren 25an jaio, solstizioko festen gainean jarri omen zuen jai eguna Aita Santuak. Jada 91 urte ditu aitonak. Merezi al du esatea Jainkoa ez dela existitzen eta dena ipuina dela? Egia esango al diogu?