Anoetak ekintza komunitario berriak jarriko ditu abian, herri zaintzaileagoa eraikitzen jarraitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Anoetako Udala

Anoetako Zaintza Mahaiak herritar guztiei zuzendutako hainbat jarduera sustatuko ditu ikasturte honetan, “Anoeta, Elkar Zainduz” egitasmoaren barruan. Zaintzak, prebentzioa eta komunitateko loturak indartzea izango dira jardueren ardatz nagusiak.

Anoetak aurrera jarraitzen du “Anoeta, Elkar Zainduz” egitasmoaren garapenean. Prozesu komunitario honen helburua herriko zaintza-beharren inguruan hausnartzea eta Anoeta herri zaintzaileagoa izaten lagunduko duten erantzunak elkarlanean eraikitzea da.


Herritarrekin egindako lanaren, entzute-prozesuen, errealitatearen azterketaren eta parte-hartze espazioen ondoren, udalerriak Zaintza Plana du, partekatutako bideorri gisa ulertuta. Planaren helburuen artean daude prebentzioa indartzea, zaintza
komunitarioak sendotzea eta herri zaintzaileago baterantz aurrera egitea.

Prozesu horren barruan eratu zen Zaintza Mahaia, parte-hartzerako espazioa. Bere eginkizunen artean daude beharrak antzeman eta aztertzea, garatu beharreko ekintzak lehenestea, horiek martxan jartzen laguntzea eta Zaintza Planaren jarraipena egitea.

Hausnarketatik ekintzetara


Ikasturte honetan, Zaintza Mahaiak herritarrei zuzendutako hainbat ekimen sustatuko ditu. Jarduerek Zaintza Planean jasotako hainbat lan-ildori erantzuten diete: zaintzen inguruan sentsibilizatzea, komunitateko loturak eta harreman-sareak indartzea, prestakuntza eta hausnarketarako espazioak sortzea eta nahi gabeko bakardadea bezalako egoerak lantzea.
Programazioa urriaren 5ean hasiko da, Zaintza Mahaiaren aurkezpen publikoarekin. Helburua Zaintza Mahaia herritarrei ezagutaraztea, Anoetako Zaintza
Planaren barruan duen zeregina azaltzea eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako ibilbidea partekatzea izango da. Saio berean, “Hitz egin dezagun gure zaintzaz” programaren lau saioetan landuko diren edukiak eta saioen planteamendua ere azalduko dira.

Ekimenetako bat “Hitz egin dezagun gure zaintzaz: zaintzak ez dira inprobisatzen” programa izango da. Ibilbide honek herritarrei denboraz hausnartzeko aukera eskainiko die guztioi eragiten digun gai baten inguruan: zer lehentasun, behar eta balio komeni den aldez aurretik adieraztea, zaintzak behar ditugunean gure ondoan daudenek hobeto ezagutu eta kontuan har gaitzaten.

Programa honako egun hauetan garatuko da:

  • Urriak 5 – Zaintza Mahaiaren aurkezpen publikoa eta “Hitz egin dezagun gure zaintzaz” programaren aurkezpena.
  • Azaroak 23 – Zaintza pertsonalak: ba al dakit nola nahi dudan zaindua izan?
  • Urtarrilak 11 – Zaintza medikoak: Aurretiazko Borondateen Dokumentua. Nire osasunari buruz, zer nahi dut erabakita utzi?
  • Otsailak 15 – Zaintza administratiboak: prebentziozko ahalordeak eta bestelako figura juridikoak. Nik ezin dudanean, nork erabaki eta kudeatuko ditu nire gaiak?
  • Martxoak 15 – Zaintza ekonomikoak: testamentuak eta herentziak. Niren ondarea, nire beharrak, nire erabakiak.


Saioen helburua ez da dokumentuak bertan betetzea, baizik eta informazio ulergarria, tresnak eta hausnarketarako espazioak eskaintzea, pertsona bakoitzak zer gairen inguruan hausnartu nahi duen identifikatu, bere ingurukoekin hitz egin eta, beharrezkoa denean, erabaki jakin batzuk formalizatzeko zein profesionalengana jo behar duen jakin dezan.

Zinema, bakardadeaz, zaintzaz eta harremanez hitz egiteko abiapuntu

Programazioaren barruan, abenduaren 14an, El inconveniente filma proiektatuko da, eta ondoren Olaia Aranak dinamizatutako solasaldia egingo da. 
Filma eguneroko bizitzarekin eta zaintzekin lotutako hainbat gairen inguruan hitz egiteko abiapuntu izango da: bakardadea, loturak, bizikidetza, autonomia, laguntza behar izatea eta bizitzan zehar beste pertsonekin eraikitzen ditugun harremanak.

Jarduera abenduan egingo da, gainera, nahi gabeko bakardadearen inguruko sentsibilizazioarekin lotuta. Izan ere, Anoetako Zaintza Planak berariaz jasotzen du gai hori, komunitateko loturen eta harreman-sareen inguruko lanaren barruan.

Zaintzak, komunitate osoari dagokion gaia


Ekimen hauen bidez, Anoetak zaintzei buruz hitz egiteko espazioak zabaltzen jarraitu nahi du, larrialdi edo mendekotasun egoera bat agertu aurretik ere.


Abiapuntua ideia sinple bat da: zaintzak bizitzaren parte dira, eta ez dira soilik norbanakoaren edo familiaren kontua. Nola zaintzen dugun eta zaintzak behar ditugunean guretzat zer lehentasun, behar eta balio diren garrantzitsuak hausnartzeak, elkarrizketa horiek partekatzeak eta inguruko loturak indartzeak laguntzen du behar duten pertsonei laguntzeko gaitasun handiagoa duen komunitatea eraikitzen.

Zaintza Mahaitik honako hau azpimarratzen dute:


“Zaintzei buruz hitz egitea herriko bizitzaren parte izatea nahi dugu. Ez soilik behar bat agertzen denean, baita lehenago ere: informazioa, hausnarketa, harremanak eta Anoetan elkar nola zaindu nahi dugun elkarrekin pentsatzeko espazioak sortuz”.

Informazio praktikoa
Jarduerak herritar guztiei zuzenduta egongo dira eta doakoak izango dira.
Lekua: Lasarbe Aretoa
Ordutegia: 18:00-20:00
Izen-ematea: Zehazteke.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA