Hasi dira Amasako errepidea zabaldu eta espaloia eraikitzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala

Obra garrantzitsu hau Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dute, bi erakundeen arteko akordioari esker.

Hasi dira Amasara doan errepidea handitzeko eta alboan oinezkoentzat espaloi bat eraikitzeko lanak. Proiektu honekin, zirkulazio-baldintzak hobetuko dira autoentzat eta Amasa eta Villabona arteko oinezkoen ibilbidea irisgarria eta seguruagoa izango da.

Finantzaketa partekatua
Hainbat urtez bilerak eta negoziazioak izan ondoren (2020an hasi ziren), Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat lortu zuten GI-3751 errepidea zabaltzeko eta Amasa eta Villabona arteko oinezkoentzako espaloi bat eraikitzeko proiektua finantzatzeko. Sinatutako hitzarmenaren arabera, Udalak, lanen kostuaren % 60,74 hartuko du bere gain. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, kostuaren % 39,26a. Obrak 998.230,87 eurotan lizitatu direnez, Udalak 606.325 euro inbertituko ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, 391.905 euroko ekarpena egingo du. Esleipen publikoaren prozesua gauzatuta, Construcciones Moyua SLri esleitu zaizkio lanak, eta gehienez ere, 10 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.

Trafikoari eragindako kalteak
Datozen hilabeteetan, obrek eragin nabarmena izango dute Amasara igotzeko errepidean eta zirkulazio-baldintzak aldatu egin daitezke, lanen faseen arabera. Hori dela eta, Udalak herritarrei eskatzen die errepidean ezarriko diren seinaleak uneoro errespetatzeko eta obren eremuan kontu handiz ibiltzeko.

Udal arduradunak pozik
Lanak amaitu ondoren, Amasak errepide zabalago bat eta oinezkoentzako konexio irisgarri bat izango ditu, aspalditik datorren behar historiko bati behin betirako soluzioa emanez. 
Zentzu horretan, Udal gobernu taldeak bere poztasuna adierazi du azkenean obrak hasi direlako eta honakoa, azken urteetan Amasa-Villabonan egin den inbertsiorik garrantzitsuenen artean kokatu dute. Beatriz Unzue alkateak adierazi duenez, “Urte luzetan ahalegin handiak egin ditugu Aldundiaren parte hartzea lortzeko eta azkenean egindako lanak fruituak eman dituela ikusteak, izugarri pozten nau. Argi geneukan obra hau egitea ezinbestekoa zela, eta hilabete batzuetara, errealitate bat izango da”. 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA